Txirrimorraski 30. urteurrena girotzen hasiko da
Txirrimorraski Ondarroako Denbora Libre Taldeak 30 urte betetzen ditu aurten herriko gaztetxoen aisialdia jorratzen. Ospakizun erraldoia maiatzaren 25ean egingo dute, baina aurretik giroa berotzen joateko hainbat ekintza antolatu dituzte.
Urteurren ospakizuna egun bakarrean egin ordez, aurretik ere kulturagaz eta aisialdiagaz zerikusia duten hainbat ekintza egitea erabaki dute Txirrimorraskiko kideek. Eta horretarako askotariko ekintzak batzen dituen egitaraua osatu dute, beti ere, Txirrimorraskiren izateari eutsita. “Gutxika-gutxika motorrak berotzen hasiko gara. Herriko talde bat garenez, gainera, herrigintzan lanean ari diren herriko taldeekin osatu dugu egitaraua”.
Lehenengo ekimena eguenean [maitzak 2] egingo dute. Joxe Mari Agirretxe Porrotx herrigintzaz eta irrigintzaz ariko 17:30ean Kofradia Zaharrean. “Herritar guztiei gomendatutako solasaldia da, eta nahi duenak umeekin etortzeko aukera edukiko du. Umeekin begirale bat ariko da jolasean”.
Zapatuan [maiatzak 4], bestalde, Herribixik kale antzerkia eskainiko du, 13:00etan, Alamedan. Txirrimorraskiri buruzko hainbat esketx eskainiko dituzte Herribixikoek, dena ere umore puntu bategaz. “Tximirrorraskiko hainbat gertaera interpretatuko dituzte. Antzerki soziala eskainiko dute, parte hartzailea. Ikusleek ere parte hartzeko aukera edukiko dute”.
Asteburuko ekintzen ostean, datorren astean jarraituko dute ospakizunek. Maiatzaren 10ean hasita, Txirrimorraskiren 30 urteko ibilbidea laburbiltzen duen erakusketa egingo dute Txirrimorraskiren beheko lokalean (Arriolanean). Ibilbidearen errepaso hori, gehienbat, argazki bidez egingo dute. “30 urtean atera ditugun argazkien aukeraketa bat egin dugu. Aldi berean, denbora tarte horretan egin ditugun eskulanak… edo egin ditugun gauzak ere ikusgai ipiniko ditu. Azken finean, Txirrimorraski zer den era bisual batean erakutsi nahi dugu. Bertan, gainera, umeentzako jolas gune bat ere ipiniko dugu. Umeekin datozen gurasoek erakusketa lasaiago ikusteko”.
Erakusketa honako egunotan egongo da zabalik: maiatzak 10, 11, 12, 17, 18, 19 eta 24. Ordutegia: barikuetan, 17:30etik 20:30era eta zapatu-domeketan, 12:00etatik 14:30era. Erakusketa dagoela aprobetxatuta, gainera, asialdi taldeak urteurrenera begira atera duen material berria ere salgai ipiniko dute.
Maiatzaren 12an, berriz, Karenka elkartearen ekimenez, mendi irteera inklusiboa egingo dute Kalamendi eta Asterrikara. “Karenkagaz beti zer edo zer antolatzeko asmoa eduki dugu, eta mendi irteera egiteko asmoa zutenez, denok batera parte hartzea erabaki dugu”.
Azkenik, maiatzaren 17an gazte eta nagusientzako mugimendu tailerra egingo dute, 18:00etan, Kofradia Zaharrean, Garazi Etxaburu dantzariaren eskutik. Nabarmendu dutenez, edozein adin tarterentzako da tailerra.
Bestalde, bazkari herrikoirako txartelak salgai daudela gogorarazi dute taldeko ordezkariek. Herritar guztiak gonbidatu dituzte bazkari herrikoira, baina, batez ere, azken 30 urteotan taldetik igaro diren begirale, erabiltzaile eta gurasoei egin diete deialdi berezia. “Denak izango dira ongietorriak”.
Maiatzaren 16ra arte salgai daude txartelak Anaitasuna eta Lagun Artea tabernetan eta Kurike eta Zurrumurru liburu dendetan. Bi menu mota daude aukeran: osoa (pasta, solomoa, edaria, postrea eta kafea) eta erdia (pasta, edaria eta postrea). “Bestelakoa menuak ere edukiko ditugu, eskariz: bejetarianoa, beganoa, gluten gabekoa, laktosa gabekoa… edo edozein alergia izanez gero aurretik abisatu behar duzue txirrimorraski25@gmail.com helbide elektronikora idatzita”.