Baxurako ontziek Ondarroako portua antxoaz betetzen jarraitzen dute
Ondarroako Kalare Deuna kofradiako arduradunek adierazi dutenez, antxoa polito porturatu dute asteon. Arraina, gainera, berta-bertan ari dira arrantzatzen; Matxitxako lurmuturraren eta Ondarroa artean.
Gaur [maiatzak 2], esaterako, antxoa kaxaz bete-bete eginda zeuden kofradia aurreko ingurukoak. Hori bai, baxurako marinelek nahikoa antxoa txikia lehorreratu dute, kiloan 50-60 garau ingurukoa, eta prezio aldetik, hortaz, nahikoa merke saldu da goizeko lehen betetan; kiloa 70-90 zentimo bueltan ordaindu da. “Gaur saldu da merkeen, asteko arrain txikiena izan delkoa”.
Aurreko egunetan, berriz, zer edo zer garestiago saldu da antxoa, euro baten bueltan, tamaina aldetik ere handiagoa ere izan delako. Eguaztenean [maiatzak 1], kiloan 40-50 ale inguruko arraina saldu zuten, eta martitzenean [apirilak 30], berriz, oraindik ere handiagoa; kiloan 36-44 garai ingurukoa, fabriketarako lakoxea. “Alerik handienak garestiago ere saldu ziren. 31 garau neurriko arraina 2,40 euroan saldu zen arraina, eta 42 neurrikoa, aldiz, 1,30 euroan”.
Kanpaina luzatze aldera, gainera, bandera ipini dute barikuetan. “Barikuetan ontziak ez dira itsasoratuko, modu horretara, kanpaina luzatu eta prezioak ez direla amilduko uste dugu. Erabaki hori ekainean kanpaina amaitu arte mantentzea erabaki dugu”.