Isuntzak bi zilar lortu ditu Espainiako Batel Txapelketan
Lekeitioko arraun taldeko harrobiko taldeek emaitza oso onak lortu dituzte Vigon (Galizia) jokatutako Espainiako 76. Batel Txapelketan. Bi zilarrezko domina lortu dituzte txiki eta gazte mailan, gizonezkoetan. Txapelketan, kadete mailako gizonezkoek ere parte hartu dute, baina finaletik kanpo geratu dira.
Txiki mailan, esaterako, Bingen Zatika, Arkaitz Gezuraga, Peio Mugira eta Hodei Garcia arraunlariek sekulako estropada egin zuten Iban Rubio patroiaren esanetara. Final estu-estua izan zen. Azken arraunkadara arte Coruñako (Galizia) Pueblako taldeagaz parez pare joan ziren, eta 92 ehunenekogatik podiumaren gorenera igotzeko aukerarik barik geratu ziren lekeitiarrak, 04.28,66 marka eginda.
Gazte mailan ere, ez ziren gauzak gehiegi aldatu. Final estua jokatu zuten Aritz Arando, Unai Kalzakorta, Arnaitz Casco eta Beñat Robles arraunlariek Hodei Garcia patroiaren esanetara. Zierbenak nagusitasun osoagaz irabazi zuen txapelketa, lau segundoko aldeagaz, baina 2. eta 3. postua lortzeko lehia bizi-bizi egon zen azken txanpara arte Isuntza eta Pasai Donibane Koxtapekoen artean, 4 ehunenekogatik zilarragaz bueltatu ziren lekeitiarrak, 08.59,95 marka eginda.