‘Txoriak eta Zauriak’ antzezlana ikusteko aukera, Lekeition
Ertzak antzerki topaketan bertan behera geratutako emanaldia berreskuratu dute. Lesakako antzerki taldearen obrak frankismoko bi presoren bizipenak kontatzen ditu
Lesakako (Nafarroa) Mairu antzerki taldearen Txoriak eta Zauriak antzezlana ikusteko aukera egongo da barikuan [maiatzak 3], 20:00etan, Lekeitioko Ikusgarri zinema aretoan. Sarrerak 5 euro balio ditu, eta txarteldegian egongo dira salgai. Emanaldia Haratzago Ibilaldiari lotutako ekitaldi bat da.
Izatez, Txoriak eta Zauriak antzezlana martxoaren 29tik 31ra Lekeition ospatutako Ertzak antzerki topaketetan eskaini behar zuten, baina gorabehera batzuk tarteko, bertan behera utzi behar izan zuten. Bada, orain, emanaldia berreskuratu nahi izan dute antolatzaileek.
Sinopsia. Lesakatik Oiartzunera (Gipuzkoa) doan errepidea egiten aritu ziren frankismoko presoak (Juan Cabrero Riero eta Isabelo Sanchez Alonso) dira Gaizka Sarasolak zuzendu eta idatzitako antzezlanaren protagonistak. «Pertsona errealetatik abiatuta, gure fikziorako pertsonaiak sortu ditugu. Memoriak, kontakizunaren eztabaidak, terminologiak, denboraren eraginak (edo eragin ezak), minak eta hitzen harrotasunak sortutako kezkak eta zalantzak plazaratzen ditu lanak; oroitzea garrantzitsua, irudimena martxan jartzea beharrezkoa eta galderak egitea ezinbestekoa delako».