Zabalik dago 42. Euskal Zine Bilerara lanak aurkezteko epea
42. Euskal Zine Bilera azaroaren 23tik 30era ospatuko da Lekeition. Lanak irailaren 30era arte aurkeztu ahal dira.

Iazko jaialdian euskal ikus-entzunezkoaren iraganak, orainak eta etorkizunak bat egin zuten, jaialdiaren norabidea mantenduz, baina aldi berean zutabeak berrituz. Jakinarazi dutenez, aurten, iazko proiektua sendotzeko bideak hartuko dira, euskal zinemako profesional eta zaleak biltzeko gunea eraikiz. Atzo [maiatzak 2] zabaldu zuten lanak aurkezteko epea, irailaren 30era arte.
LehiaketakĀ teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian, euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa dela azpimarratu dute antolatzaileek. “Iazko formatua mantenduz, aurten ere lehiaketa bateratua izango da. Hau da, ez dira bereiziko lan profesional eta amateurrak”. Horrela, beraz, zuzendaritz, gidoi eta film onenaren sariak ezberdinduko dira. “Horrez gain, ikusleak ere protagonista izango dira. Izan ere, lan bakoitzari haiek emandako puntuazioaren bidez erabakiko da ikuslearen sari berezia nork irabaziko duen”.
OndokoakĀ izango dira sariak:
- Film onena: 1.900 euro eta Urrezko Antzarra.
- Zuzendaritza onena: 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.
- Gidoi onena: 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra
- Ikusleen saria: 750 euro eta Zilarrezko Antzarra.
Lehiaketaren oinarriak eskuragarri daude Euskal Zine Bileraren webgunean. Aurkezten diren lan guztien artean epaimahaiak hogei aukeratuko ditu, eta horiek izango dira lehiaketan parte hartuko dutenak. “Hogei ikus-entzunezko horien egileek 200 euroko saria jasoko dute, lehiaketarako hautatuak izanagatik”.
Orain arte legez, 42. Euskal Zine Bilerak euskal ikus-entzunezkoen erreferente bilakatzeko aurrerapausoak ematen jarraitu nahi duela gaineratu dute. “Horretarako, noski, film sortzaile, artista eta zinegile guztien partaidetza oso garrantzitsua izango da. Beraz, aurtengo lehiaketan ere parte hartzeko gonbidapena luzatzen dugu”.
Baldintzak. Lehiaketan edozein film egilek parte hartu ahal du, baina lanak, euskarazkoak iazteaz gain, gehienez ere 30 minutuko iraupena eduki beharko dute. “Edozein tratamendu zinematografiko lantzen dituzten filmak aurkeztu ahalko dira. Aukeraketatik kanpo geratuko dira bideoklipak, iragarkiak, spotak edota bideo korporatiboak”.
Aurkezteko modua. Lanak Internet bidez aurkeztu behar dira. “Ikus-entzunezkoa Youtube edo Vimeo bezalako kanaletara igo eta pasahitz nahiz lotura pribatu bidez gorde eta gero, Euskal Zine Bilerako webgunean, izen-emate orriarekin batera jarriko dira esteka edota pasahitza, lanaren hiru fotograma, kartela (edukiko balu) eta egilearaen datu pertsonalak”.