Zapatuan hasiko dira San Gregorio jaiak Berriatuan, azokagaz eta pintxo lehiaketagaz
Nekazal eta Arrain Kontserba Azokan 27 postu egongo dira. Elkarteen arteko VI. Pintxo Lehiaketan zazpi taldek parte hartuko dute; 1.750 pintxo prestatuko dituzte.

Nekazal eta Arrain Kontserba Azokagaz eta Kaxero Gaupaseroren jaitsieragaz eta elkarteen arteko VI. Pintxo Lehiaketagaz hasiko dira zapatuan Berriatuko jaiak. Txupina bota eta gero, Berriatua eta berriatuarrak jai giroan murgilduko dira, sei egunez.
Iaz estreinako Kaxero Gaupaseroren jaitsiera zapatuan egin eta gero, aurten ere berdin egitea erabaki dutela azaldu du Jon Arriola Berriatuko alkateak. «Jaien hasiera zapatuan finkatu dugu». Eta nola hasi ere. Izan ere, jaietako lehenengo egunean askotariko ekintzak egongo dira.
Alde batetik eskualdeko herritar asko erakartzen dituen Nekazal eta Arrain Kontserba Azoka egongo da plazan. Zehaztu dutenez, horretan 27 postu egongo dira, «ekoizleek salmenta zuzena egin dezaten». Ondoko postuak egongo dira: hamazazpi ekoizle, Ibilaldiaren eta Zabaltzen Sarturen salmahaiak, herriko eskolarena eta hiru euskal artisau.
Azoka zabaltzen den ordu berean, herriko elkarteetako ordezkariak gerora ehunka herritarrek dastatuko dituzten pintxoak prestatzen ibiliko dira.
Arriolak azaldu duenez, aurten, iaz baino bi elkarte gehiagok parte hartuko dute lehiaketan. «Iaz bost elkartek parte hartu zuten eta guztira 1.250 pintxo prestatu zituzten. Baina pintxoak nahikoa arin amaitu ziren. Aurten, baina, bi elkarte gehiago egongo dira, eta denen artean 1.750 pintxo prestatuko dituzte». Zehaztu duenez, elkarte bakoitzak 250 pintxo egingo ditu.
Parte hartzaileak. Berriatuko bost elkarte edo kuadrillek eta Ondarroako bik parte hartuko dute lehiaketan: Goxalde, Milloi, Anaitasuna, Txotxoluk, Kukulumutxu, Ezkilantxarri elkarte gastronomikoa (Ondarroa) eta Uxola kultur elkartea (Ondarroa). «Ondarrutarrak talde gonbidatuak dira, baina berriatuarren modura lehiaketan parte hartuko dute».
Herritarrak 12:00ak aldera hasi ahalko dira pintxoak dastatzen. Hori bai, elkarteetako ordezkariek prestatutako pintxoak dastatzeko, herritarrek txartelak erosi beharko dituzte. «Txartel bakoitzak bi euro balioko ditu, eta horrekin bi pintxo dastatzeko aukera egongo da.
Azoka itxi aurretik jakitera emango dute zeinek irabazi duen pintxo lehiaketa.
Pintxo lehiaketa hasi aurretik, baina, Kaxero Gaupaseroren jaitsiera egingo da, Tarine udal musika eskolako kideen turuta hotsak lagunduta. Eta ostean txupinazoa botako dute, udaletxeko balkoitik.
Konposta banatuko dute. Jaien lehenengo egunean, baita ere, berriatuarrek sailkatutako hondakin organikoagaz egindako konposta banatuko dute Lea-Artibai Amankomunazgoak eta Berriatuko Udalak.
Zehaztu dutenez, herritarrek 11:00etatik 13:30era jaso ahalko dute konposta eta tomate landara bat, plazan bertan.
Zapatuan, beraz, festa giroa izango da nagusi Berriatuan. Izan ere, eguerdiko giroak jarraipena edukiko du bazkalostean, Euskal Herriko Sokatira Txapelketaren saioagaz, trikipoteoagaz eta gaueko kontzertu eta erromeriagaz.
Jai parte hartzaileak. Jaiak, baina, aurrera jarraituko du datorren astean. Izan ere, jai batzordeak sei eguneko egitaraua prestatu du; adin tarte guztziei egokitutako ekintzak prestatu dituzte. «Herritarren parte hartzea bultzatuz, aurreko urteetako nahikoa egitarau antzekoa prestatu dugu». Arriolak, dena den, herritarrek beti ekintzetan parte hartzeko edukitzen duten prestutasuna azpimarratu nahi izan du.
Inguruko herrietako bizilagunak Berriatuara joateko, jaiagaz gozatzeko eta segurtasun osoz itzultzeko, Gababus zerbitzua ere egongo da, zapatuan eta hilaren 11n. Beraz, nork bere herriko udaletxean txartela eskuratu ahalko du.