Zortzikoteen topaketa egingo dute Lekeitioko Andra Mari parrokian
Euskal Herriko hiru tokitako zortzikoteek parte hartuko dute topaketan, herriko abesbatza bigaz batera. Kontzertuaren ondoren, kale kantuan ariko dira gune ezberdinetan.
Lekeitioko Musikaia musika eskolak Zortzikote Topaketa antolatuko du maiatzaren 11rako, eta momentu honetan Euskal Herrian dauden hiru talde garrantzitsuenetarikoak gonbidatu dituzte parte hartzera: Baionako Enara Zortzikotea, Errenteriako Karnaba Zortzikotea eta Bilboko Jatorki AZ Zortzikotea. Talde horiez gain, musika eskolako Kantakai ahots zurien koralak eta Kilin Kala ahots mistoen abesbatzak parte hartuko dute eskainiko duten kontzertuan.
Lekeitioko Andra Mari Elizak hartuko ditu taldeak 12:00etatik aurrera, eta eguraldiak lagunduz gero, ostean, kale kantuan ariko dira zortzikoteak. Bakoitza herriko puntu ezberdinetan ariko da –Independentzia Plazako monolito aurrean, Nautika aurrean eta Abaroa Jauregiaren aurrean–, eta lekuz aldatzen joango dira. Puntu batetik besterako giroa Musikaiako Trikitixa eta Pandero taldeak eta Itxaropena Txistulari Taldeak alaituko dute. Eguraldi txarra balego, ordea, guztiak batera abestuko lukete aterperen batean.
Lekeitiok duen musika zaletasuna eta azken urteetan indartu den kanturako grina aintzat hartuta, topaketa hori ospatu nahi izan du lehen aldiz Musikaia Musika Eskolak. Eskolako abesbatza bateko kide baten proposamena jaso eta tradizio handiko talde horiek ekartzera animatu dira. “Ez daude zortzikote asko Euskal Herrian, baina daudenak maila handikoak dira, koru eta abesbatza handietako abeslariek sortutakoak”, azaldu du Oihana Etxabe Musikaiako zuzendariak.
Esan duenez, Musikaiaren asmoa ez da urtero zortzikoteen emanaldi bat antolatzea, tartean-tartean musikari lotutako ekimenak sortzea baizik, eta aurten kantuari eta abesbatzei lotutako ekitaldi berezia prestatu dute. “Azken boladan ahots taldeek indar handia hartu dute Lekeition, adin ezberdinetako talde ugari eskaintzen ditu, eta musika eskolak. Ikasturtean egiten ditugun kontzertuetan gure lana plazaratzeagaz gain, Euskal Herriko zortzikote ezberdinak ekarri nahi izan ditugu, alde batetik, talde hauen errepertorioa eta lana erakusteko modu interesgarria izan daitekeela iruditzen zaigulako, eta bestetik, herriko kantu zaletasunari bulkada emateko pauso garrantzitsu bat dela deritzogulako”.
Horrela, ahots zurien talde bi eta gizonezkoen ahotsez osatutako zortzikoteak entzuteko aukera edukiko dute lekeitiarrek, eta kontzertu berezi horretara doazen eskualdeko zein inguruetako musikazaleek. Kontzerturako sarrerak aldez aurretik erosi behar dira. Kultur etxean, Aralde liburu dendan eta musika eskolan daude eskura.
Lekeitioko musika eskolak gai bat edo ildo bat eman dio zortzikote bakoitzari, eta horregaz lotutako errepertorioa ekarriko dute. Jatorki zortzikoteari ildo poetikoa eman diote, eta Eusebio Erkiaga idazle lekeitiarraren letretatik sortutako abesti batzuk aukeratu dituzte, Anton Larraurik musikatutakoak. Karnabakoek abesti tradizionalagoak abestuko dituzte, eta Enara zortzikoteari diaspora proposatu diote, eta, beraz, kanpoan kantatzen diren kantak eskainiko dituzte.
Bestalde, topaketagaz lotuta, Burdiña eta Ahotsa erakusketa egongo da Barandiaran aretoan Joseba Gotzon artista portugaletetarraren eskutik. Erakusketa maiatzaren 18an inauguratuko dute, eta ikusgai egongo da maiatzaren 26ra bitartean.