Pregoi feministagaz hasi dira Berriatuko San Gregorio jaiak
Aurten Berriatxuko Neskak emakume taldeko kideek piztu dute jaietako txupina. Nekazal eta Arrain Kontserba Azokak eta elkarteen arteko VI. Pintxo Lehiaketak ere jendetza batu dute plazan.
Beste behin ere girotsu hasi dira Berriatuko San Gregorio jaiak. 11:30ean puntuan agertu da Kaxero Gaupasero herrigunean, Tarine udal musika eskolako musikariek eta beste hainbat herritarrek lagunduta. Aurten, gainera, ikur morez jantzita agertu da jaietako pertsonaia. Izan ere, Berritxuko Neskak emakume taldeko kideen esku egon da aurtengo pregoia eta jaietako txupina pizteko ardura.
Herrian zehar kalejira egin eta gero, udaletxera igo dute Kaxero Gaupasero. Eta han zeuden zain herriko emakume taldeko kideak. Jai feministak aldarrikatzeaz batera, heteropatriarkatuari planto egiteko aldarria egin dute. Txupina piztu eta festa hasi da.
Ordurako plazan nahikoa jende bazegoen ere, 12:30ean hasi dira elkarteek prestatutako pintxoak saltzen. Eta asko eta asko izan dira pintxo gosez plaza bete dutenak. Eguraldia ere aldeko eduki dute, eta herritarrek zazpi elkartek prestatutako 1.750 pintxoak dastatzeko aukera eduki dute. Iaz nahikoa arin amaitu ziren pintxoak, eta horregatik aurten bi elkarte gehiagok parte hartu dute lehiaketan. 14:00etarako pintxo solte batzuk baino ez ziren geratzen. Jai Batzordeko kideak pozik agertu dira bai azokak eta baita ere pintxo lehiaketak edukitako harreragaz.
14:00ak puntuan jakinarazi dute pintxo lehiaketako irabazlea. Hala, aurten, hirugarren urtez, Ezkilantxarri elkarte gastronomikoa (Ondarroa) izan da irabazlea. Elkarteko kideek pozarren jaso dute saria.
Azokako salmentak ere nahikoa ondo joan direla esan dute saltzaileek. Bestalde, Hamen Bertokoa proiektuko kideak egitasmoaren nondik norakoak azaltzen eta herritarrei proiektua babesteko eskatzen ibili dira. Izena eman duten herritar guztien artean, gainera, bertoko produktuez osatutako otzaratxo bat zozkatu dute. Otzara Marije Ibarloza berriatuarrak irabazi du.
Lea-Artibai Amankomunazgoko kideak ere organikoa sailkatzeko materiala banatzen egon dira azoka eremuan. Jakinarazi dutenez, 25 lagun inguruk hartu dute hondakinak sailkatzeko materiala. Horrez gain, konposta banatu eta tomate landarak oparitu dituzte.
Ostera antzean, giroa sekulakoa izan da, eta maiatzaren 12ra arte, Berriatua jaietan murgildu da.