Jone Goikoetxeak irabazi du Hemen be bai elkartearen argazki lehiaketa
Lau argazkiren artean egin dute aukeraketa Markina-Xemeingo merkatari eta ostalari elkartearen bezeroek, eta Goikoetxearenak izan ditu boto gehien.
Jone Goikoetxeak irabazi du Markina-Xemeingo Hemen be bai herriko merkatari eta ostalari elkarteak antolatutako Argazki Lehiaketa. Lea ileapaindegikoek eman zioten saria irabazleari. Hiru argazki aurkeztu zituen lehiaketara Goikoetxeak, eta hiruretatik Goazen herrira erostera beti bezala! izenekoa izan da saritua. Azaldu duenez, Amalloko Zamora baserrian atera zuen argazkia.
25 argazki aurkeztu ziren lehiaketara, eta horietatik epaimahaiak lau aukeratu zituen, eta elkarteko bezeroak izan dira irabazlea erabaki dutenak. Elkarteko saltokietan eduki dute aukera botoa emateko, eta Goikoetxearen argazkia izan da boto gehien lortu dituena.
Irabazleak 150 euroko txartela eraman zuen etxera. Txartel horretako kopurua herriko dendetan gastatu ahalko du orain.