Lekeitio aurrera eramateko hamar proposamen aurkeztu ditu EAJk
Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako programa eta hautagaiak aurkeztu zituen Koldo Goitia Lekeitioko alkate eta hurrengo agintaldirako alkategaiak zapatuan egindako aurkezpen ekitaldian.
Lekeitio aurrerantz eramatea eta euskal kostaldeko herri erreferente bihurtzea du helburu Lekeitioko EAJren programak. Joan den zapatuan [maiatzak 4] egin zuen aurkezpena Koldo Goitia Markuerkiaga Lekeitioko alkate eta berriro ere maiatzaren 26ko udal hauteskundeetako Lekeitioko EAJren alkategai denak. Bere lantaldea eta proiektuak ezagutzera eman zituen Goitiak; Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria eta Idoia Sagastizabal eta Josune Gorospe Kongresuko Diputatuak izan zituen ondoan ekitaldian.
Orain dela urte bete martxan jarri zuten #LekittarraGO2025! prozesu irekian jasotako herritarren ekarpenak oinarri hartuz sortu dutela hauteskunde programa azaldu zuen Goitiak, eta prozesu ireki horrek izandako parte hartze altua azpimarratu eta eskertu zuen.
Lekeitio aurrera eramateko programan barneratu dituzten hamar proposamen estrategiko ezagutzera eman zituen Goitiak, besteak beste herriko auzoak berriztatzen jarraitzeak (Zumatzeta-San Ignazio, Basoaldea, Pascual Abaroa Etorbidea eta Trinkete eta Karmengo Ama zonaldeak) edota Lekeitioko portuaren indarberritzeak, berau berrantolatuz eta itsasoarekin lotutako jarduera ekonomikoak bultzatuz. «Kontuan izanda Lekeitioren nortasuna itsasoa dela turismoa ere ildo honetatik joan behar da». Tokiko ekonomian funtsezko beste eragile bat herriko merkatariak direla ere gaineratu zuen, eta horiekin elkarlan estua izaten jarraituko duela adierazi zuen.
Gizarte babeserako neurriak hobetzen jarraituko dutela ere jakinarazi zuen, eta hezkuntza azpiegiturak hobetzeko Inbertsio Plana egingo dela azaldu zuen, eskola publikoko patioan estaldura jarriko dela aitatuz. «Kirol instalakuntzei dagokionez, futbol zelaia berriztuko da eta itsas kirolera zuzendutako zentro bat sortuko da». Gazteei zuzendutako Babes Ofizialeko Etxebizitzen proiektua berreskuratu, gazteei alokairurako dirulaguntzak ematen jarraitu, Bilbora eta Gernika-Lumoko eta Galdakaoko ospitaletara doan garraio publikoa hobetu, udan herritarrentzako aparkalekuak bermatu, 200 aparkaleku berri sortu, Lekeitioko eraztun berdea osotu eta Maderas de Lekeitio berreskuratu dira beste batzuren artean EAJk datozen urteetarako aurreikusita dituen beste proiektu batzuk. «Nahiz eta agintaldi honetan hainbat proiektu amaitu, lan asko geratzen da egiteko. Lekeitio bere 700.urteurrenerako prestatu behar da, euskal kostaldeko herri erreferentea izan dadin».
Irla parke arkeologiko izendatzea, Mendieta Ontziola martxan jartzea, Abaroa jauregia birgaitu, Armintxeko kobak balioan jartzea edota herriaren 700.urteurrena antolatzeko batzordea sortzea ere aitatu zituen Goitiak.
Taldea. Programa aurrera eraman ahal izateko 16 pertsonak osatutako lantaldea aurkeztu zuen. «Hurbila den taldea, ilusioz betetakoa, esperientziaduna eta berriztatua. Edozein erabaki hartzeko prest eta ideiak argi dauzkana».
Egun udal gobernuan gauden gehienak errepikatu egingo dute, baina aurpegi berriak ere badaude. Hurrengoa da Koldo Goitiagaz batera lan egingo duen taldea: Amaia Antxustegi Ziarda, Mertxe Arrizubieta Basterretxea, Josu Itza Onaindia, Ainize Altzibar Salegi, Eneko Atxa Castro, Abel Iriondo Lejardi, Oier Zuberogoitia Atxurra, Idoia Sagastizabal Unzetabarrenetxea, Eguzkiñe Arrasate Anakabe, Isabel Mendiguren Laka, Joseba Izagirre Ikazuriagagoitia, Marielena Elordi Kaltzakorta, Amagoia Akordaerrementeria Kortazar, Mikel Anton Zarragoitia eta Alberto Cazalis Urbieta.
“Formakuntza eta bizi esperientzi desberdinak dauzkagunak batu gara, goi mailako perfil teknikokoak, enpresa txikiak dituztenak, autonomoak… Azken finean Lekeitio eta lekeitiarren alde lana egitea erabaki duten pertsonak gara, eta horretarako, gure esperientzia ipini eta buru belarri lanean arituko gara”.