Markina-Xemeingo EAJk hautagaiak eta programa aurkeztuko ditu martitzenean
Bingen Zupriria sailburuak eta Idoia Sagastizabal Espainiako Kongresuko diputatuak parte hartuko dute ekitaldian.
Markina-Xemeingo EAJk hautagai zerrenda eta programaren aurkezpena egingo du bihar [maiatzak 7], Kontzejupean, 19:30ean. Aurreratu dutenez hamalau emakume eta gizonek osatzen duten EAJren hautagai zerrenda osoa egongo da aurkezpenean, bai eta bi gonbidatu berezi ere: Bingen Zupiria sailburua eta Idoia Sagastizabal Espainiako Kongresuko diputatua.
Programari dagokionez, herritarren iritzia jasotzeko ahalegin berezia egin dutela azaldu dute, «hauteskunde partehartzailea izan dadin eta ahalik eta herritar gehienen nahiak, premiak eta iritziak jasoko dituen programa bat prestatuz». Bihar ezagutzera emango duten programa horretako 10 puntuak osatzen eta hobetzen, herriko elkarte, eragile eta herritarrak aritu direla jakitera eman dute. “Herritarrak, euren etxeetan jasotako diptiko formatuko galdetegia erantzun dute eta jasotako erantzunak, lagungarriak izan dira”.
Luis Maria Egurrola Arakistain Markina-Xemeingo EAJren alkategaiaren hitzetan Markina-Xemein denen herria da, “gu guztiona eta danontzako herria izatea ere nahi dugu. Ideia, sentsibilitate eta kultura desberdinek euren tokia izango duten herria. Erronka izugarria da, baina ekinaren ekinez lortu daitekena”.