Txus Jaio eta Jesus Urkidi, txapeldun VIII. Lea-Artibai Rallyan
Markina-Xemeingoek jantzi dute txapela Kastinparro Racingek antolatutako proban. Castro eta Urkiola geratu dira bigarren eta Odiaga aulestiarrak eta Mintegia munitibartarrak osatu dute podiuma.
Eskualdean geratu da oraingoan VIII. Lea-Artibai Rallyko sari nagusia. Rally bikain bat eginda Txus Jaio eta Jesus Urkidi izan dira aurtengo txapeldunak. Garaipenagaz «pozik» zeuden Markina-Xemeingo pilotua eta kopilotua, arazo bat edo beste rallya amaitzerik ere ez dute izan orain arte, eta sari banaketan zeuden lehenengo aldia dela nabarmendu zuten.
Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola, azken urte bietako garaileak, bigarren geratu dira aurten. Garaipena esku eskura eduki zuten azkenaurreko tartera arte, baina euriak minutu bat inguru galdu arazi zien Munitibar-Ziortza-Trabakua ibilbidearen azken bueltan. Sikuko gurpilekin jarraitzea erabaki zuten, eta aurrea hartu zieten Jaiok eta Urkidik.
Rallyaren hasieratik lehen postuetarako borrokan ibili ziren garaileak Castro eta Urkiolaren atzetik, eta bustirako gurpilak aukeratzeko erabakiak eraman zituen gorenera.
Ioritz Odiaga aulestiarrak eta Iker Mintegia munitibartarrak osatu zuten podiuma. Laugarren postuan mantendu ziren 8. tartera arte Joseba Lasa eta Maitane Martiarenaren ondoren, baina matxura batek rallytik kanpo utzi zuen Sardara Hondarribiko Automobilismo Elkartekoak eta Kastinparro Racingeko bikoteak aukera aprobetxatzen jakin zuen, eta hutsik egin barik hirugarren postuari kolpe zion.
Olioa protagonista. Goizeko lehen tarteetatik, errepidea siku aurkitu zuten parte hartzaileek. Hala ere, matxura bat zela-eta olioa erori zen errepidean eta tartea neutralizatu egin behar izan zuten antolatzaileek. Bigarrenean ere berdina gertatu zitzaien, eta lasterketa erditik atzera neutralizatu behar izan zuten. Tarte horiek bertan behera uztekotan ere egon ziren, baina parte hartzaile asko oraindik hasi barik zeudela ikusita, tarteak moztu eta aurrera egitea erabaki zuten Kastinparro Racing taldekoek.
Lehen tarte bi horietako arazoak kenduta ondo joan zen VIII. rallya, eta «pozik» geratu dira antolatzaileak, probaren balorazio ona egin dute. «Nahiz eta itxura txarra hartzen hasi zen goizean gero ondo joan zen dena. Ohi bezala istripuren bat edo beste egon zen, baina ezer larririk ez».
Errepide bazterretan ere ikusle asko bildu direla azaldu dute, batez ere, Etxebarrian. «Jende piloa egon zen Eika eta Miba inguru horretan jarri genuen jauzia ikusten, bai rallyzaleak zein automobilismoaren jarraitzaileak ez direnak ere». Kastinparrokoak eurak eman zuten jauzirik handiena Miba parean, Gorka Antxustegik eta Xabat Urrestik hain zuzen.
Aurten, berriro, Markina-Xemeinen egin duten irteera ekitaldian ere jende asko batu zen autoak ikusi, pilotu eta kopilotuen sinadurak batu eta guztien aurkezpena ikusteko. «Giro ona izan zen nagusi, gainera, zortea eduki genuen, ekitaldia amaituta hasi zen euria eta ekitaldi osoaren jarraipena egin ahal izan zuten ikusleek».
Lekeition egin zuten autoen berrekaltzea ere ondo joan zen. «Gidari batzuk gosaldu ere ez dute egiten eta pintxo batzuk jan eta atseden hartzeko aukera asko eskertzen da», esan dute. Beti bezala, sariak Etxebarrian banatu zituzten eskualdeko erakundeetako ordezkarien laguntzagaz.
SARIAK
Scrach sariak
1. Txus Jaio eta Jesus Urkidi.
2. Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola.
3. Ioritz Odiaga eta Iker Mintegia.
Klaseentzako sariak
1. Felix Martikorena eta Borja Lopez.
2. Egoitz De Luis eta Gonzalo San Jose.
3. Victor Etxabe eta Mikel Arza.
4. Iban Etxaniz eta Jesus Etxebarria.
5. Txus Jaio eta Jesus Urkidi.
6. Iñaki Aiertza eta Aritz Elgarresta.
9. Historikoak. Aratz Zarakondegi eta Aitor Kortazar.
10. FL Klasea. Ibai Zumalakarregi eta Ibai Ajuriagoikoa.
Junior saria
1. Adrian Gomez eta Iker Lopez.
Lea-Artibaiko saria
1. Txus Jaio eta Jesus Urkidi.