1.267 mendizalek egin dute Lekeitioko Mendi Martxa
Inoizko mendizale kopuru handiena batu du aurten Lekeitioko Mendi Martxak. Bi ibilbide eduki zituzten aukeran parte hartzaileek.
Eguraldia lagun, inoizko jende kopuru handiena batu du aurten Lekeitioko Udalak herriko talde eta elkarteen laguntzagaz antolatutako mendi martxak. Guztira 1.267 mendizalek zeharkatu zituzten domekan [maiatzak 5] Lekeitio inguruko mendiak.
Azken lau urteetan jarraian ospatu da mendi martxa Lekeition, 2016an 486 pertsonak parte hartu zuten, 2017an zenbaki berbera errepikatu zen, 2018an kopuruak gora egin zuen 940 parte hartzailera helduz eta aurten, 2019an gehiago izan dira parte hartzera animatu direnak. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ia mila pertsonak zeukaten izena emanda aldez aurretik, eta bertan egunean izena eman zutenak batuta guztira, 1.267 izan dira Lekeitio, Ispaster, Amoroto, Berriatua eta Mendexako mendietan zehar ibili zirenak.
Bi ibilbide. Aurten ere bi ibilbide izan zituzten aukeran mendizaleek: 21,5 kilometroko luzea eta 9,5 kilometroko laburra. Txupinaren danbada hotsa entzunda irten ziren Lekeitiotik bai ibilaldi luzeko zein laburreko parte hartzaileak. Lehenengoak Ispaster, Amoroto, Berriatua eta Mendexatik igaro ziren, eta laburrekoak irten eta gutxira heldu ziren lehenengoak Lekeitiora bueltan. Ibilbide laburra 10:00ak pasatxo hasi zen eta Lekeitio, Ispaster, Mendexa eta Amoroto zeharkatu zituen.
Ibilbide erraza izan zela azaldu zuten laburreko parte hartzaileek, eta Kurtxiako ikuspegi ederra azpimarratu zuten. Lekeitioko plazara itzuli aurretik Lumentzara egin zuten azken igoera, eta hango ikuspegiagaz gozatzeko aukera ere eduki zuten. Gaitzagoa izan zen ibilaldi luzea, eta bidea ondo aurkitu bazuten ere, gorabeheratsua izan zela azaldu zuten partaideek. “Aldapa gogorrena araztegitik gorakoa”, esan zuten askok.
Ibilbideak osatuta, helmugan argazkia atera eta mokadutxoa hartzeko aukera izan zuten mendizaleek. Opariak ere zotz egin ziren eta argazki erraldoia ere atera zuten ibilbide bietako parte hartzaileek.
Lekeitioko Udalak eskerrak eman dizkie antolatzaile, laguntzaile eta parte hartzaile guztiei, “denen lanaren emaitza izan baita Lekitto-Lekitto mendi martxak izandako arrakasta”.