Dantza, karta jokoa eta giro polita Santa Kurutz jaietan
35 bikotek parte hartu dute aurtengo karta txapelketan. Elgeta eta Irusta markina-xemeindarrak gailendu ziren musean eta Martin eta Nieves lekeitiarrak briskan.
Giro ederrean ospatu dituzte, aurten ere, Santa Kurutz jaiak Markina-Xemeinen. Elizatxiki izan zen bilgune zapatu [maiatzak 4] goizean, eta beste urte batzuetan baino jende gutxiago egon bazen ere, Zerutxuren dantzaldiagaz eta ondorengo mokadutxo goxoekin gozatzeko aukera eduki zuten bertaratutako ume, gazte eta nagusiek.
Urtero modura, meza izan zen eguneko lehen jarduna, eta ermita txikia bete egin zen elizkizunerako. Meza amaitu eta berehala egin zuten dantzan Zerutxu dantza taldeko mutil nagusiek aurreskua eta soka dantza, Imanol Aretxabaleta eta Elene Ansola Aretxabaletaren txistu eta danbolin doinuekin lagunduta.
Dantzaldia amaituta, pintxoz betetako mahaiaren inguruan bildu ziren ikusleak kontuak esan eta zer edo zer dastatzeko.
Jokoa. Mus eta briska txapelketak ere jokatu dira jaien baitan. Musean jokatu zuten zapatu arratsaldean eta briskan domekan. Karta-jokoan aritzeko auzoko tabernetan elkartu ziren bikoteak. 19 bikotek jokatu zuten musean, eta Elgeta eta Irusta markina-xemeindarrak irabazi zuten txapelketa. Bigarren, Luken eta Jose Martin geratu ziren.
Bestalde, hamasei bikote aritu ziren briskan, eta irabazleak Martin eta Nieves lekeitiarrak izan ziren. Martin eta Arantza geratu ziren azpitxapeldun.