Lau garaipen lortu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikuko pilotariek G.R.A.B.N.I Txapelketan
Gazte mailan binaka eta banaka eta nagusien mailan binaka eta banaka irabazi dute bertoko pilotariek. Hiru garaipenekin Bizkaia izan da garaipen gehien eskuratu dituen herrialdea.
Bost jardunaldi eta finalerdiak jokatu eta gero, asteburu honetan erabaki dira GRABNI txapelketako zesta-punta finalak Hondarribian. Lau finaletara ailegatu da Bizkaia, Gipuzkoak beste lau final lehiatu ditu, Iparraldek hiru eta Arabak bakarra. Lea-Artibai eta Mutrikuko pilotariak izan dira herrialdeetako ordezkari batzuk, eta txapelen jabe egin dira.
Gipuzkoa eta Iparralde neurtu ziren gazte mailan binaka, eta Gipuzkoa 30 eta 28 nagusitu zen. Victorregaz bikotean Mutrikuko Danok Bat eskolako Aratz Mendizabalek lortu zuen garaipena.
Gazte mailan banaka, berriz, Bizkaiako eta Gipuzkoako pilotariak aurkitu ziren aurrez aurre. Bizkaiaren ordezkaria Markina-Xemeingo Zesta-Punta Eskolako Alex Goitiandia izan zen, eta Gipuzkoakoa Mutrikuko Danok Bat eskolako Zuhaitz Arrillaga. 25 eta 11 irabazi zion Goitiandiak Arrillagari txapela eskuratuz.
Gipuzkoa eta Iparralderen artean erabaki zen 22 azpikoen mailako binakakoa; Iparraldek 30 -23 irabazi zion Gipuzkoako bikoteari, beraz, Mikel Manzisidor mutrikuarra azpitxapeldun geratu da. Banakakoan, ostera, Arabak 25-14 irabazi zion Bizkaiari; Markina-Xemeingo Danel Mandiola izan zen Bizkaiko ordezkaria, bera ere azpitxapeldun izan da.
Nagusien mailari dagokionez, Bizkaiko bikotea geratu zen irabazle Iparraldekoei 30-19 irabazita; Jokin Arbe eta Jon Mandiola Markina-Xemeingo eskolakoek jantzi zuten garaileen txapela. Banakakoan ere Bizkaia nagusitu zitzaion Gipuzkoari 25 eta 15, Bizkaiko ordezkaria Berriatuko Zesta-Punta Eskolako Antxon Alberdi etxebarritarra izan zen, txapelaren jabe egin zen Alberdi.