Unai Belaustegiren hitzaldiarekin hasiko dira Historia Jardunaldiak Mutrikun
Belaustegik eguenean [maiatzak 9] eskainiko du lehenengo hitzaldia. Maiatzaren 16an eta 23an izango dira beste hitzaldiak.
Unai Belaustegi historialari mutrikuarrak Errepublikanismoa Euskal Herrian hitzaldia eskainiko du eguenean, 19:00etan, Mutrikuko Zabiel kultur etxean. Belaustegi Historia Garaikidean doktorea da, eta 2016an II Errepublika eta Gerra Zibila. Kronika Donostiatik bere bigarren lana argitaratu zuen. Bigarren lan hori Antton Olariagaren irudiekin osatu dago, eta Belaustegiren testuak II. Errepublikan eta 36ko gerra garaian argitaratu ziren egunkarietan eta liburuetan dute oinarria.
Errepublikanismoa Gipuzkoan (1868-1923) izan zen Belaustegiren lehen liburua. Eta hori, hain justu, 2015eko udaberrian aurkeztu zuen. Lan hori, gainera, errepublikanismoari buruz euskaraz idatzitako lehen liburua izan zen, eta lau urteko lanaren fruitua izan zela jakitera eman zuen mutrikuarrak.
Lehenengo hitzaldia eta gero, hurrengoak maiatzaren 16an (Zein da euskal heroina?) eta 23an (Lizarrako forua, Mutrikuko forua. Emakumeen eta haurren ikuspegi juridikoa XII.mendean) izango dira, eta Leyre Arrietak eta Xabier Irujok eskainiko dituzte, hurrenez hurren. Bi hitzaldi horiek ere 19:00etan Zabielen izango dira.