Zabor bilketan pauso garrantzitsua eman dute Lea Ibarreko udalerriek
Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoak kamioi berria eskuratu du, eta, horrela, bilketa sistema hobetzea lortu dute. Era berean, zabor bilketa modu egokian egiteko aholkuak gogoraraziz informazioa zabaltzen ari dira herriz herri.
Zabor bilketan hobekuntzak eginez, birziklapen tasa igotzeko erronka dauka Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoak. Zeregin horretan, pauso garrantzitsua eman dute eta herritarrei informazioa helarazteko lanean ari dira.
Kamioi berria eskuratuta, sistema guztia berritu dute. Ibilgailuak bereiztutako bi konpartimendu dauzka, eta horrela, aldi berean hondar-trakzioa deritzona eta hondakin organikoa batu ahal izatea lortu dute. Hortaz, aldebiko sistemagaz, bilketa optimizatu dute, buelta bakarrean bi hondakin mota batzen dituztelako (Milloiko trasferentzi gunera eroaten ditu hondakin denak).
Gainera, edukiontzietako zaborra batu ahala, pisatu egiten dituzte eta aurrerapen horri esker, gune bakoitzeko birziklapen tasa eguneratuta edukiko dute. Hain zuzen, Lea Ibarreko bost udalerrietan 2.200 bizilagunen hondakinak batzen ditu udal mankomunazgoak, eta gaur gaurkoz, %30eko birziklatze tasa dute. Asmoa, baina, gutxienez %60ra ailegatzea da, hau da, Europak ezarrita daukan kopurura. Erronka garrantzitsu hori lortzeko, konpromiso txiki batetik hasi behar dela eta birziklatzeko hamaika arrazoi dituztela argi dute.
Bilketan hobekuntzak egin, eta birziklapenean aurrerapausoak emateko herritar guztien konpromisoa eta laguntza behar-beharrezkoak direla adierazi dute udal mankomunazgoaren ordezkariek. Hala, etxebizitza bakoitzari bere birziklapen gunea izendatu diote, eta gune horietan edukiontzi mota guztiak daude. Halere, “premiaren arabera” aldaketak egiteko aukera badagoela zehaztu dute, eta “sortzaile handienekin bilketa sistema adosteko” asmoa daukate. Bost udalerrien artean, 55 birziklatze gune bereiztu dituzte.
Informazioa zabaltzen. Herritar denen laguntza izateko herritarrak informatzea ezinbestekoa dela iritzita, informazio eskuorria eta hondakinak bereizteko gidak zabaltzen ari dira, etxez etxe. Organikoak biltzeko poltsak ere banatuko dituzte. Hain zuzen, edukiontzi marroietan eta grisetan txip bidezko sistema ezarri dute; txartelagaz zabaldu behar dira.