183 aparkaleku gehiago izango dituzte lekeitiarrek udan
Aurreko urteetan bezala, herritarrentzako araututako aparkaleku zerbitzua jarriko dute martxan ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean.
Lekeitioko Udalak herritarrei begirako araututako aparkaleku zerbitzua jarriko du martxan aurtengo udan ere. Udaldian udalerritik kanpo lan egiten duten herritarrek herrira bueltatzean euren autoa aparkatzeko aukera gehiago izatea du helburu egitasmo horrek. Lekeitiko bizilagunez gain, herrian enpresa bat daukatenek edo bertan lan egiten dutenek ere aparkaleku zerbitzuaren onuradun izateko txartela eskatu ahalko dute. Guztira 553 aparkaleku egongo dira, iaz baino 183 gehiago.
Ekainaren 1tik irailaren 30era bitartean, egun horiek barne, zehaztuko ditu udalak bereziki herritarrek erabiltzeko aparkaleku guneak, eta astelehenetik barikura, 14:30etik 21:30etara, bakarrik herritarrek aparkatu ahalko dute zehaztutako gune horietan.
Lehentasun hori izateko baldintza batzuk bete beharko dituzte, eta txartel bat eskatu beharko dute herriko turismo bulegoan. Eskaerak egiteko epea zabalik egongo da maiatzaren 31ra arte, martitzenetik barikura, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. “Hortik aurrera Udaletxean bertan egin ahalko da izen ematea abuztuaren 30era arte”, azaldu dute.
Bestalde, iaz txartela eskatu zuten pertsona eta enpresek ez dute aurten izapiderik egin beharko. Udalak jakinarazi duenez, 2018-2019 urteetarako balio du txartelak. “Alta berria egingo dutenak bakarrik etorri beharko dira txartela ateratzera, eta horren prezioa 3 eurokoa izango da”.
Guneak. Sei izango dira Lekeitioko Udalak aparkaleku zerbitzu berezia eskaintzeko egokituko dituen guneak. Aurten gune berri bat sortuko dute portuan, eta beste guneetako batzuk handitu egingo dituztela zehaztu dute.
Hauek izango dira guneak:
- Paskual Abaroa etorbidea 26-bisetik Talara, eta San Juan Talako.
- San Andres, Eusebio Maria de Azkue, Piedade, San Bixente Ferrer eta Basoaldea.
- Zumatzeta, Buenaventura Zapirain, Otxoa de Urkiza eta Agirre Solarte 1etik 17ra.
- Aldamiz Etxebarria 22, 24 eta 26 eta Letraukua 8 eta 9.
- San Antolin eta Carlos Solano kaleak osorik.
- Txatxo Kaia kalean plaza eta portuaren arteko gunea.