59 lan aurkeztu dituzte Berriatuko IV. Ipuin eta Marrazki Lehiaketara
Ipuinak 31 izan dira eta marrazkiak 28. Irabazleak ondokoak izan dira: Laia Domiguez Gorostola, Uxue Estibaritz Tena, Uxue Mugartegi Ibazeta eta Joseba Malaxetxebarria Elordi.
Berriatuko Udalak eta liburutegiak elkarlanean antolatuta, laugarren urtez egin da aurten Berriatuko Ipuin eta Marrazki Lehiaketa. Ekimena idazteko eta irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko eta marrazkigintzan zein bestelako arte diziplinetako trebakuntza sustatzeko helburuagaz antolatzen dute. Aurten, guztira, 59 lan aurkeztu direla esan zuten martitzenean [maiatzak 7] Berriatuko bideo gelan ospatutako sari banaketa ekitaldian; 31 ipuin eta 28 marrazki aurkeztu dira.
Marrazkien arloan, 5-7 urte bitarteko eta 8-12 urte bitartekoek parte hartu dute, eta Laia Dominguez Gorostola eta Uxue Estibaritz Tena izan dira irabazleak, hurrenez hurren. Ipuinetan, ostera, 8-12 urte bitartekoek eta 16 urtetik gorakoek parte hartu dute, eta Uxue Mugartegi Ibazeta eta Joseba Malaxetxebarria Elordi izan dira irabazleak. “Gainerako sailetan ez du inork parte hartu”.
Sariak banatu aurretik, antolatzaileek istorioak kontatzerakoan letrek eta hitzek duten indarra azpimarratu nahi izan dute. Bide beretik, gauzak kontatzerakoan irudiek zenbat laguntzen duten ere aipatu dute. Eta horren adierazle izan dira proiektatu dituzten bi kontakizun.
Saridunak lau izan badira ere, parte hartzaile guztiek diploma eskuratu dute, eta talde argazkia atera aurretik, antolatzaileek datorren urtean ere lehiaketan parte hartzera animatu dituzte herritarrak.