Artzain lanetan atzerrira joandako herritarrak omenduko dituzte Ispasterren, zapatuan
‘Bakardadean bizi eta hil’ ikuskizuna estreinatuko dute Ispasterko frontoian, zapatu gauean.
Bakardadean bizi eta hil ikuskizuna eskainiko dute Ispasterko frontoian, zapatuan 21:30ean aurrera (sarrera doakoa da). Udalerria sortu zuteneko 500. urteurrenaren ekitaldietako bat da, eta ikuskizunaren estreinaldia herritik artzain lanetan jondako denak omentzeko aprobetxatuko du Ispasterko Udalak.
Hala, Iñigo Agirre ispastertarrak aurkeztuko du emanaldia eta garai bateko artzainen bizimodua erakusten duten argazkiak ere erakutsiko dituzte ikuskizuna hasi aurretik. “Atzerrira artzain lanetara joandako pertsona guztiei egindako omenaldia izango da, ez bakarrik Ameriketara joandakoei egindakoa», adierazi du Garbiñe Saenz de Buruaga alkateak. Udalerriaren sorreraren ekitaldien barruan halako estreinaldi bat egotea gauza garrantzitsua dela zehaztu du. “Orain dela urte batzuk Koldo San Sebastianek bilketa lan mardula egin zuen Ispasterretik atzerrira zenbat pertsona joan ziren aztertzeko. Herri txikia dela kontuan hartuta, jende gehien atzerrira joandakoak dituen herria da gurea. 1.000 bat pertsonaren datuak jaso zituen”.
Lekeitioko Zehatz Mehatz musika elkarteak sortu du, eta hainbat artistaren kolaborazioa jasotzen du sormen lanak. Koldo San Sebastian-en Amerikanoak liburutik hartutako istorioan oinarrituta egin dute.
“Artzain modura Ameriketara joan zirenei oroimen bat egin nahi diegu ikuskizun honetan”, adierazi du Jose Antonio Elu ikuskizunaren zuzendari eta Zehatz Mehatz elkarteko kideak. Hain zuzen, asko eta asko ez ziren itzuli; beren familia han sortu zuten eta ez ziren sorterrira bueltatu. Hala, egoera gogorrak bizi izan zituztela eta lan asko egin zutela gogora ekarri du Eluk: “Batzuk oso txarto egon ziren, eta ezin izan zuten inoiz euren sorterrira itzuli”.
Hain zuzen, horren adibide da Txomin Malaxetxebarria zapatuko ikuskizunaren protagonistak bizitakoa. Gizaburuagarrak 1912an utzi zuen bere sorterria, 19 urtegaz, eta ez zen bueltatu. Nevadako Paradise herrira joan zen artzain lanetan jardutera eta bere istorio gogorra kontatzen du obrak. “Desertuan hilabete asko bakarrik egon zen ardiak zaintzen. Hainbeste urte gauza bera egiten egonda, burua galdu zuen. Bere nortasuna erabat aldatu zen; gero eta garratzagoa eta gaiztoagoa bihurtu zen, eta bi pertsona hil zituen”. Gas ganberan hiltzera zigortu zuten, 1954an. Istorio gordina jaso dute.
Kontakizun hau aurrera eroateko hainbat sortzaile batu dira. Rikardo Gonzalez de Durana gasteiztar bertsolaria izango da Malaxetxebarria, eta Felipe Zelaieta bertsolaria izango da narratzailea.
Antzerkia, musika eta dantza batzen ditu lanak. Lander Arriaga amorotarrak eta Eneko Balerdi aiarrak euskal dantzak egingo dituzte eta Ane Meabek balleteko dantzari lekeitiarra ere igoko da oholtzara. Lekeitioko eta Gasteizko musikariak batzen dituen Ardi Ilun Blues Band taldearen doinuek hartuko dute frontoia. Kultura & Natura grabazio estudioetan sortutako musika taldea da, eta besteren artean, Elu eta Zelaieta dira bertako kideak.
XX. mende hasieran Busturialdetik zein Lea-Artibaitik herritar askok hartu zuten AEBrako bidea artzain lanetan aritzeko asmoz. “Munitibarretik, Aulestititik, Amorototik, Markina-Xemeindik, Ispasterretik, Lekeitiotik, Gizaburuagatik, Gernika-Lumotik edota Ereñotik jende pila bat joan zen. Adibidez, garai hartan, 330 bat biztanle zituen Gizaburuagak, eta 90 lagun Ameriketara joan ziren, pentsa. Herri bateko %30ak alde egin zuen hara. Jende mordoa da”, azaldu du Eluk. “Ikuskizunean esaten duguna da Txomin Gizaburuagan geratu izan balitz, beste herritarren besteko pobrea izango zela, baina, behintzat, ez zen helduko halako desesperazioara eta bere herrian biziko zen”.
Emanaldi gehiago. Zapatuan estreinatu eta aurrerago beste hainbat emanaldi eskaintzeko asmoa daukate. San Pedro bezperan Lekeition eskainiko dute, eta udazkenerako Gasteizen eta Murgian ere lotu dituzte datak. Hala, Lea-Artibaiko beste herri batzuetan eskaintzea ere gustatuko litzaieke.