Asier Lopez Eiguren lekeitiarrak Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena Saria jaso du
Euskarazko Tesien VI. Koldo Mitxelena sariak banatu dituzte Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Sariok bost jakintza-arlotan banatzen dira, eta Lopezek zientzia arlokoa jaso du.
Euskarazko Tesien VI. Koldo Mitxelena sariak banatu dituzte goizean, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan eta sarituen artean dago Jon Lopez Eiguren lekeitiarra.
Bost jakintza arlotan banatzen dituzte aipatu sariak: ientziak; Ingeniaritza eta Arkitektura; Osasun Zientziak; Gizarte eta Lege Zientziak, eta Artea eta Giza Zientziak. Hain zuzen, zientzia arloan, Eremu-teorien eta eredu analitikoen bidezko defektu kosmikoen ezaugarritzea tesia egiteagatik saritu dute Lopez.
Lekeitiarra Helsinkiko unibertsitatetik etorri da saria hartzera, eta alboan izan ditu Natxi Aranburu R.M. AZKUE ikastolako zuzendari ohia eta EHUko Euskara eta Etengabeko Prestakuntza arloko errektoreordea den eta ikastolako ikasle ohia den Jon Zarate. Hain zuzen, Lopez ere ikasle ohia da, eta ikastolako ordezkariek zoriondu egin dute “ikastolaren eredua eta euskararen oihartzuna haratzago zabaltzearren”. Era berean, Euskaltzaindia eta EHU ere zoriondu dituzte: “Lekeitioko ikastolak 2019ko Ibilaldiaren antolatzaile legez zoriontzen ditu Euskaltzaindia eta EHU euskararen eta ikerkuntzaren aldeko lanagaitik, geuretik abiatu eta Haratzagoko ibilbidea marrazteagatik”.
Gainontzeko sarituei dagokienez, Olatz Pérez de Viñaspre saritu dute Ingeniaritza eta Arkitektura arloan, Mikele Macho Osasun Zientziak arloan, Juan Mari Aguirreurreta Gizarte eta Lege Zientziak arloan eta Miren Ibarluzea Artea eta Giza Zientziak atalean. Diploma bana eta 2.000 euroko diru saria jaso dituzte.
Goizeko ekitaldian azpimarratu dutenez, gero eta euskarazko doktoretza-tesi gehiagok lortzen dute nazioarteko kalifikazioa. 2018an, 33 tesi defendatu zituzten euskaraz EHUn, eta horietatik 17 nazioartekoak izan ziren, aurreko urteko kopurua bikoiztuz. Datu hori nabarmendu dute EHUko eta Euskaltzaindiko ordezkariek. “Zientzian, beste hainbat diziplinatan bezala, kantitatea baino garrantzitsuagoa da kalitatea. Euskarazko doktoretza-tesien artean gero eta tesi gehiagok lortzen dute nazioarteko kalifikazioa. Horrek zer esan nahi du? Batetik, ikerketa egin duenak egonaldia egin behar izan duela atzerriko beste unibertsitate batean; bestetik, tesiaren laburpen sakon bat komunitate zientifikoak erabilitako hizkuntza batean publikatuko dela, hau da, ingelesez zabalduko dela”, azaldu du Nekane Balluerka EHUko errektoreak.
Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Euskaltzaindiaren Iker Saila 2008an hasi ziren elkarlanean Euskarazko Tesien VI. Koldo Mitxelena sariak banatzen, eta bi urterik behin egiten dute deialdia. Egitasmoaren sustatzaileek euskarazko tesien ekarpen bikoitza goraipatu izan dute hasiera-hasieratik, jakintzaren arloa “zabaltzen laguntzen” dutelako, eta euskararen “normalizazio prozesuan guztiz lagungarriak” direlako.
Euskarazko ikerketaren garrantzia ere nabarmendu dute gaurko ekitaldian eta, dibulgazioaz hitz egin du Adolfo Arejita Iker sailburuak: “Ikerkuntza premiazkoa du gizarte batek, aurrera egingo badu. Gizarte horren premia eta eskakizunei erantzungo dien ikerkuntza behar du, etorkizunaren zibuzabu eta noraezen aurrean urratsa ziur eta sendo emateko. Beraz, gure gizartearen premiei egoki erantzungo dien ikerkuntza behar dugu, eta gizartearen esku ipini”.“Euskal hizkuntza gizarte-fenomeno bat den bezala, ikerkuntzak ere gizarteari irekia eta haren mesedetan bideratua behar du izan –gaineratu du Iker sailburuak-, ez altxor gisa gorderik iraungo duen zerbait.Ikertzen den oro, baliokoa den bezanbatean, dibulgatzekoa da, eta horixe da, besteak beste, sarion bidez bilatzen dena”.
SARITUAK:
- Zientziak:
– Egilea: Asier Lopez Eiguren
– Tesia: Eremu-teorien eta eredu analitikoen bidezko defektu kosmikoen ezaugarritzea.
- Ingeniaritza eta Arkitektura:
– Egilea: Olatz Perez de Viñaspre Garralda
– Tesia: Osasun-alorreko termino-sorkuntza automatikoa: SNOMED Ctren eduki terminologikoaren euskaratzea.
- Osasun Zientziak:
– Egilea: Mikele Macho Aizpurua
– Tesia: Herpes genitalaren ikerketa epidemiologiko, kliniko eta mikrobiologikoa Bilbo hirian.
- Gizarte eta Lege Zientziak:
– Egilea: Juan Mari Agirreurreta Elosegi
– Tesia: Fikzioa J.-P. Sartreren diskurtso teorikoan: fikzioaren antolamendua L´Etre et le Neant obra filosofikoaren ‘Begirada kapituluan’.
- Artea eta Giza Zientziak:
– Egilea: Miren Ibarluzea Santisteban
– Tesia: Itzulpengintzaren errepresentazioak euskal literatura garaikidean: eremuaren autonomizazioa, literatur historiografikoak eta itzultzaileak fikzioan.