"Markina-Xemein hobeagoa edukitzeko" beharra egingo duela adierazi du EAJk
Markina-Xemeingo EAJk hautagaien eta programaren aurkezpena egin zuen atzo Kontzekupean. Idoia Sagastizabal diputatuak eta Bingen Zupiria sailburuak parte hartu zuten ekitaldian.
Luis Egurrola Arakistain Markina-Xemeingo EAJren alkategaiak maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako prestatu duten programako hamar puntuak azaldu zituen atzo [maiatzak 7], Markina-Xemeingo Kontzekupean egindako ekitaldian. Beretzat «ohore handi bat» dela esan zuen bere herriko alkategai izatea, eta zerrenda osatzen duten guztiek erantzukizun handi hori «ilusio handiz» onartu duen erronka dela adierazi zuen. «Herritarrek guregan konfidantza jartzen badute beharra, beharra eta beharra egingo dugu Markina-Xemein hobeagoa edukitzeko».
Markina-Xemeingo jeltzaleen alkategaiak eta beragaz batera zerrendan dauden hautagaiek Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuaren eta Idoia Sagastizabal diputatuaren babesa jaso zuten. Biek goraipatu zuten EAJren Markina-Xemeingo hautagaitza eta «herriaren alde lan egiteko aukera onena» dela azpimarratu zuten. Sailburu eta diputatuagaz gainera, ekitaldian egon ziren Lekeitio, Ondarroa, Etxebarria eta Ispasterko alkategaiak besteak beste.
Egitasmoak. Azpiegiturak, industria, landa eremua, merkataritza, euskara eta kultura, ume eta gazteak, adinekoak, etxebizitza, ongizatea eta turismoa dira, hain zuzen ere, jeltzaleek hauteskunde programan nabarmendu dituzten puntuak, eta bakoitzaren barruan aurreikusi dituzten ekimen eta proiektu batzuk zehaztu zituen Egurrolak bere zerrendakide batzuen laguntzagaz. Besteak beste industria arloan «zain egon barik» enpresak herrira erakarri behar direla esan zuen. «Kalitatezko lanpostuak sortuko dituzten enpresak. Eta horregaz batera, landa eremua indartu eta baserrietako eta baserritarren jarduna balioan jarri behar da maila guztietan, hezkuntzatik hasita». Plan Orokor bat egitea ere lehentasuna izango da EAJrentzat, «horrek herri guztia baldintzatzen du eta garrantzitsua dela deritzogu». Idoia Arrietak, Alex Aretxabaletak eta Lander Fernandezek turismoa, merkataritza, azpiegiturak eta gazteak eta kultura arloei lotutako egitasmoen berri ere eman zuten.
EAJren alkategaia harro agertu zen hauteskunde hauetarako osatu duten zerrendagaz. «Goragarria da erakutsi duten konpromisoa eta herriaren alde lan egiteko gogoa».
Hauteskunde kanpainari hasiera emanez, EAJk mitina emango du domekan [maiatzak 12], Markina-Xemeinen; bertan egongo da Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia.
HAUTAGAIAK
1. Luis Egurrola Arakistain.
2. Alexander Aretxabaleta.
3. Lander Fernandez.
4. Amaia Larrañaga.
5. Idoia Arrieta.
6. Koldo Malaxetxebarria.
7. Asier Urruzuno.
8. Irune Duralde.
9. Ibrahima Ndiaye.
10. Begoña Zelaia.
11. Jose Ansola.
12. Lourdes Barinagarrementeria.
13. Ana Leordean.
14. Andoni Malaxetxebarria.