Bertoko artzainen 30 bildots erreko dituzte Markina-Xemeingo Baserri Egunean
II. Helduen Trikitixa Txapelketako sari guztiak Hamen bertokoa proiektuko kide diren ekoizleen produktuekin osotuta egongo dira. Pintxo Bidean lehiaketako sariak ere banatuko dituzte eguerdian.

Dena prest daukate Markina-Xemeingo Udalak eta Jai Batzordeak zapatuko [maiatzak 11] Baserri Egunerako. 10:00etatik 15:00etara zabalduko dute azoka Plazabarripean, eta haren ondoan erreko dituzte bildotsak, gero pintxoetan banatzeko.
Urtez urte bildots kopurua gehitzen joan dira, eskaria handitzen joan den heinean, eta aurten ere hiru gehiago izango dira erreko dituztenak, guztira 30 bildots. Denak bertoko artzainen bildotsak direla azaldu dute antolatzaileek, eta beti bezala, Abadiñoko aditu batek prestatuko ditu goizean goizetik hasita. “Pintxoak 12:30etik aurrera egongo dira salgai, eta kopuru jakin bat egongo da bakoitzarentzat».
Baserri Eguna Markina-Xemeingo eta inguruko ekoizleen elkargune eta erakusleiho izaten da urtero, eta aurten bederatzi izango dira azokan euren produktuak plazaratuko dituzten ekoizleak; gazta, sagardoa, zuzku naturalak, txakolina, eztia, haragia eta ogia eta gozoak jarriko dituzte erosleen eskura.
Pintxo Bidean. Markina-Xemeingo Hemen be bai merkatari eta ostalari elkarteak antolatuta joan den asteburuan egin den Pintxo Bidean lehiaketako saria ere banatuko dute Baserri Egunaren baitan. 12:00ak aldera emango diote saria, Plazabarripean, lehiaketan parte hartu zuten zortzi ostalarien arteko irabazleari.
Hemen be bai elkartekoek jakitera eman dutenez «harrera ikaragarri ona» eduki du egitasmoak. «Asko izan ziren lehiaketako pintxoak dastatzera animatu zirenak. 2.360 pintxo saldu ziren». Pintxorik onena aukeratzeko, bestalde, eguenean igaro zen epaimahaia tabernatik tabernara, eta bihar jakingo da saria zeinek eramango duen.
Baserri Egunak II. Helduen Trikitixa Txapelketa ere hartuko du aurten. Orain bi urte Karmen jaien baitan egin zuten txapelketa oraingoan Baserri Egunagaz bat egitea erabaki dute antolatzaileek. «Iaz 800 lagunetik gora batu ziren frontoian eta aurten horrenbeste edo gehiago izango direla ikusten dugu sarreren salmenta oso ondo doa eta». Aurreratu dutenez maila handiko zortzi bikote aterako dira oholtzara.
Trikitixa txapelketako sari guztiak Hamen Bertokoa proiektuko kide diren ekoizleen produktuekin osotuta egongo dira. Gainera, Baserri Eguneko azokan parte hartuko duten ekoizleetako asko Hamen Bertokoa ekimeneko kideak dira, eta beraz, euren salmahaietan informazio eskuorriak eta kide egiteko orriak edukiko dituzte.
II. Helduen Trikitixa Txapelketa 18:00etan hasiko da, Uni pilotalekuan, eta 20:45era arte luzatuko da. Ondoren, 21:00etatik aurrera, Gari eta Iñaki Gipuzkoako trikitilariak alde zaharreko giroa alaitzen ariko direla jakinarazi dute, «trikiti giroari jarraipena emanez”.