Garmendipen jokatuko da Gipuzkoako Hiru Txirlo Txapelketako zazpigarren jaurtialdia
Txapelketaren sailkapen orokorraren aurreko postuetan daude Lea-Artibaiko bolariak. Seigarren geratu zen azken jaurtialdian Antonio Ibarluzea markina-xemeindarra.
Aurrera doa 2019ko Gipuzkoako 50. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketa, eta zapatuan [maiatzak 11] Azpeitiako Garmendipeko bolatokira ailegatuko da jokoa. Ohi modura, 17:00etan hasiko da txapelketa, baina ordu bete aurretik edukiko dute aukera bolariek jaurtialdiak egiteko.
Txapelketa osoan bezala txirlo gehien botatzen dituzten lehen seirak edukiko dute saria: 65 euro lehenengoarentzat, 50 euro bigarrenarentzat, 35 euro hirugarrenarentzat, 20 euro laugarrenarentzat, 10 euro bosgarrenarentzat eta ustekabea seigarrenarentzat.
Zazpigarren jaurtialdia izango da Garmendipekoa. Aretxabaletan jokatu zen aurrekoa, eta 66 bolarik parte hartu zuten. Jaurtialdi horretan Julian Elorza aretxabaletarra izan zen garailea. Udala taldeko bolariak 9 txirlo bota zituen. 8 txirlogaz bigarrena Garmendipeko Agustin Garcia azpeitiarra izan zen eta 7 txirlo botata hirugarrena Floreagako Santoz Muñoz azkoitiarra. San Andresko Jose Antonio Nuñez soraluzetarrak eta San Migelko Aitziber Olaizola elgoibartarrak 6 txirlotara berdindu zuten laugarren eta bosgarren postuetan, eta Elgetako taldean ari den Markina-Xemeingo Antonio Ibarluzeak seigarren egitea lortu zuen 5 txirlo bota ondoren.
Txapelketa erdi aldera helduta, Asola Berri taldeko Ganix Rodrigez dago momentu honetan txapelketaren buruan 32 txirlogaz. San Migelko Angel Ibarluzea (30 txirlo) eta Elgetako taldeagaz jokatzen duen Iker Arizmendiarrieta markina-xemeindarra (27 txirlo) ditu ondoren. Lehen hamarren artean dago, bai eta ere, Antonio Ibarluzea markina-xemeindarra (20 txirlo).
Emakumeei dagokionez, hiru markina-xemeindar daude lehen hamarren artean: Olatz Arano (San Joxepe taldea) hirugarren, Nerea Arano (San Joxepe taldea) seigarren eta Eli Egia (Elgeta) bederatzigarren. Gazte mailako lehen postuan dago, berriz, Elgeta taldean dagoen Udai Zelaia markina-xemeindarra.
[BEHIN BEHINEKO SAILKAPEN OSOA]