Maiatzaren 27tik ekainaren 3ra bitartean desmuntatuko dute Ondarroako Plaiko Zubia
Espainiako Sustapen Ministerioak esan du zubia desmuntatzeko gehienez ere hiru egun beharko dituztela.
HITZAk jakin ahal izan duenez, Plaiko Zubia desmuntatuko dute maiatzaren 27tik ekainaren 3ra bitartean. Horrez gain, zubia desmuntatzeko gehienez ere hiru egun beharko dituztela esan dute. “Langileak lanean ari bitartean txalupa txikientzako pasabidea itxita egongo da”, zehaztu dute.
Galdakaoko Orion enpresak egingo ditu Plaiko Zubia leheneratzeko lanak; enpresa hori mota horretako lanak egiten espezializatuta dagoela diote Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saileko arduradunek.
Lanek 664.571,63 euroko aurrekontua dute, eta aurretiaz esandakoaren arabera, zubia berreskuratzeko lanak bederatzi hileko tartean egingo dituzte.
Zubia zatika desmuntatu eta tailer berezi batean egingo dituzte zaharberritzeko lanak. Eta konpondu ondoren, berriro jarriko dituzte ohiko tokian. Besteak beste, pasabidearen egitura eta behegaineko egurra konponduko dituzte. Era berean, barandak gorago ipiniko dituzte, herritarren segurtasuna bermatzeko. Zubiaren engranaje sistema ere konponduko dute, berriro ere birakari bihurtzeko. Mekanismo originalak nahikoa hondatuta daude, eta horretarako pieza berriak eraiki beharko dituzte.