Mobilizazio herritarra prestatzen ari dira 11/13 sumarioko auzipetuak
Espainiako Auzitegi Nazionalaren zitazioa jaso dute aste honetan. Ingurukoengandik jasotako babesa eta elkartasuna eskertu dute auzipetu guztiek.
11/13 sumarioan auzipetutako 47 euskal herritarrak auziari aurre egiteko lanean ari dira. Auzpietuen artean daude, Munitibarko bizilaguna den Iñaki Goioaga abokatua (Barakaldo, 1958) eta Lekeitioko bizilaguna den Arantza Zulueta abokatua (Bilbo, 1962).
Prentsa ohar baten bidez jakitera eman dutenez, aste honetan hartu dute Espainiako Auzitegi Nazionalaren zitazioa, euren aurkako epaiketa irailaren 16an hasiko dela jakinaraziz. «Epaiketaren datak gainera datozkigu eta buru-belarri lanean jarri gara», esan dute auzipetuek.
Herritarrengandik jasotako babesa eskertzeagaz batera, elkartasun guztia antolatu eta epaiketaren oinarrian dagoen preso eta erbesteratuen egoera konpontzeko aldarrikatuko duen mobilizazio herritar indartsu bat prestatzen ari direla elkarregaz jakinarazi dute auzipetuek.
Makroepaiketa, hain zuzen, «kezkaz» bizi dutela esan dute, «baina ilusioz eta indarrez beteta gaude gure aurkako ekinbide judizial, mediatiko eta politikoari aurre egiteko».
Lan kolektiboa. Elkar hartuta eta elkar zainduz, jazarpenari modu kolektiboan egin gura diote aurre, eta hori lortzeko bidea egiten ari dira.
Hala, epaiketa prestatzeko beharrezkoak diren zereginetan murgilduta daudela jakinarazi dute, eta epaiketa horrek suposatuko dien galera ekonomiko ikaragarria arintzeko moduak ere aztertzen ari dira.
Aurreratu dutenez, ekainaren 1ean Donostian egingo dute agerraldia, eta bertan emango dituzte epaiari buruzko xehetasun gehiago.