Bizkaiko Trainerilen Ligako azken bi jardunaldiak, Lekeition
Datorren asteburuan Ondarroan lehiatuko dute Bizkaiko Txapelketa.
Bizkaiko Trainerilen Ligako 5. eta 6. jardunaldiak lehiatuko dituzte bihar eta etzi, Lekeitioko uretan.
Ligaren azken txanpan Busturialdeko taldeek ez dute hutsik egin nahi. Izan ere, hurrengo asteburuan Bizkaiko Txapelketa erabakiko da Ondarroan.
Hala, bertoko taldeen artean, Isuntzak izango du etxean ordezkaritzarik zabalena. Sei trainerilla uretaratuko ditu; absolutu mailan, mutilen hiru talde eta nesken bi talde izango ditu eta gazte mailako mutilak ere lehiatuko dira. Ondarrutarrak absolutu mailan ariko dira, nesken bi talde eta mutilen bakarragaz.
Bihar 16:00etan hasiko dute 5. jardunaldia, eta domekan, berriz, 11:00etan hasiko dira arraunean.
Ohi legez, gazte mailakoekin hasiko dute lehia, eta bihar arratsaldean bermeotarrak izango dira irtetzen lehenak, eta Isuntzakoak laugarrenak. Nesken estropada hirugarren izango da, eta mundakarrak izango dira lehenengoak; Isuntza B bigarren, Ondarrua A laugarren eta Isuntza A bosgarren aterako dira.
Sailkapena. Hala, ligako azken txanpan behin-behineko sailkapena argitara eman du Bizkaiko Arraun Federazioak. Absolutu mailan, Ondarru lehena da, 70 puntugaz. Bermeo Aren (67 puntu) atzetik, hirugarrena da Isuntza A, 64 puntugaz, eta Isuntza B bederatzigarren postuan dago, 42 puntugaz.
Neskei dagokienez, Deustu Ak ditu puntu gehien: 46 puntu. Ondarru A bigarrenak 32 puntu dauzka eta Deustu Bk 20 puntu. Atzetik daude Isuntza A eta Isuntza B 18 puntugaz berdinduta, eta Ondarru Bk 12 puntu dauzka.
Gizonezkoen gazte mailako sailkapenean, berriz, bosgarren daude lekeitiarrak 24 puntugaz. Arkote dago sailkapen buru 44 puntugaz, eta Deustu A (43 puntu) eta Itsasoko Ama (36 puntu) bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.