"Danok gustura bizitzeko herria lortzea" da Markina-Xemeingo EH Bilduren apustua
"Oso talde ona" osatu dutela eta "beharra egiten dakien taldea" dela azpimarratu dute.
2011 urtean erronka handi bati hasiera eman zioten, “eta ilusio handiagaz” horri jarraipena emateko beharra egingo dutela azpimarratu du Markina-Xemeingo EH Bilduk. Horretarako, “talde oso on bat” osatu dutela azaldu zuen Aitor Odiaga Garate Markina-Xemeingo EH Bilduren alkategaiak atzo [maiatzak 9] bilgunean egin zuten kanpaina hasierako ekitaldian. “Udalgintzan beharra egiten dakien taldea gara. Ilusio handiagaz hartzen dugu erronka, eta prest gaude proiektu hau aurrera eramateko. Kanpainaren leloan adierazi dugun modura, denok gustura bizitzeko herri bat lortzeko ustea daukagu, eta horretara goaz”.
Adin tarte eta esparru sozial zabal bat hartzen duen talde anitza osatu dute, “herritar guztiengana heltzeko”. Eta batez ere, beharrerako prest dagoena. “Herriko taldeetan parte hartuz eta azken urteetan udalgintzan lanean ibilita erakutsi dugu beharra egiteko prest gaudela, inongo saririk espero barik. Eta hemendik aurrera ere, alkateagaz batera talde lana egiteko gogoz gaude”.
Azken zortzi urteetan, udalgintzatik “herriaren aktibatze bat” eragin dutela adierazi dute. “Herrian nabaritu egin da aldaketa, gauza asko abian jarri dira, eta ez dugu nahi hori erortzerik. Herria bizitu egin da azken urteetan, eta gu prest gaude hori bultzatzen jarraitzeko”.
Programa landua. Programa arloka bereiztu eta ekintza zehatzak kaleratzeko ahalegin berezia egin duela esan du EH Bilduk: “Adibide bitartez arlo bakoitza azalerazten ahalegindu gara, ez ditugu ideia orokorrak luzatu, proposamen zehatzak kaleratu ditugu, benetako egitasmoak”. Lau ildo nagusitan banatu du koalizio abertzaleak programa: hezkuntza, kultura, ingurumena eta irisgarritasuna; eta bideoen laguntzagaz eman dute ezagutzera.
Hezkuntzari dagokionez, hezkuntza formaleko eta ez formaleko hutsuneei konponbidea eman nahi diete, eta herriko kultur eskaintza sendotu. “Xemein gune berriagaz herriko kultur ekipamenduen sarea sendotuko da. Beste alde batetik, Herri Biblioteka egokitu eta handitzea izango da hurrengo proiektu garrantzitsua. Horrez gain, ondare historikoa auzolanean berreskuratzen jarraituko dugu (edurzuloa, karabiak, gerrako aztarnak…). Eta hileta zibilak egiteko leku bat egokitzeko premia ere badago, eta horri ere ekingo diogu”.
Ingurumenari lotuta, energia aurrezteko pausoak ematen jarraitu eta herriko azpiegiturak energia berriztagarriekin hornitzea izango dute helburu. “Aurreko 4 urteotan energia aurrezteko hartutako neurriei esker, 213.000 euro 111.000 eurora jaitsi da udalaren faktura urtero, eta aurrezpen zorrotzagaz jarraituko da”. Eta herritar denek espazio publikoan parte hartu eta espazio publikoaz gozatu dezaten, hirigintza genero ikuspegitik jorratuko dutela jakinarazi dute. “Segurtasun arloan, puntu beltzak murriztu eta segurtasun gutxiko guneei irtenbidea emango diegu”.
Lau proposamen nagusiez gain, beste hainbat aitatu dituzte; besteak beste, Markina-Xemeinera bizitzera datozenentzako Harrera Plana diseinatu beharra, turismoa sustatzen jarraitzea, kirol eskaintza dibertsifikatu eta emakumezkoen kirol erreferentziak lantzea, eta lehenengo sektorea, baserria, berrindartzen eta merkataritza txikia babesten indarrak jarriko dituztela jakinarazi dute.
Programa azaltzen eta zabaltzen jarraitzeko asmoa agertu du Markina-Xemeingo koalizioak. Horretarako, bihar [maiatzak 11] haima bat jarriko dute Goiko Portalean herritarrei informazioa helarazteko. Horrez gain, eguenetako azokan ere egongo dira dituzten proposamenak ezagutzera emateko.