Ibilaldiak lau gunetan banatutako 2,5 kilometroko ibilbidea edukiko du
Gaur [maiatzak 13] goizean aurkeztu dute Bilboko Kafe Antzokian Haratzago lelopean domekan [maiatzak 19] Lekeition egingo den Ibilaldia. 40. Bizkaiko Ikastolen jaialdia, hain zuzen, hirugarren bidar ospatuko dute Lekeition; 1983an eta 2003an egin zuten aurretik.
Ibilaldia ospatzeko dena prest dute Lekeition. Antolatzaileek bere osotasunean herritik igarotzen den bi kilometro eta erdiko ibilbidea antolatu dute domekarako, “herriari begira dagoen ikastola irudikatu nahian. Lekeitioko herriaz gozatzeaz gain, kresalaz bustitzeko ere aukera izango dugu, ia ibilbide osoa itsasoaren ertzetik doa eta”. HA, RA, TZA eta GO guneetan banatuta, hamaika ekintza antolatu dituzte: antzerkiak, dantza, ipuinak, tailerrak, herri kirolak, haur jolasak, ikuskizunak, kontzertuak… eta askoz gehiago. “Herritarra, parekidea eta parte hartzailea den egitaraua landu dugu”.
HA deritzon lehen gunea Azkue ikastolan egongo da. Ibilaldiaren hasiera ekitaldia ere bertan egingo dute 10:00etan. Ordezkari politikoek eta instituzionalek hartuko dute hitza eta, hau amaituta, ibilbidea egingo dugu”. 11:30ean, berriz, eguneko bigarren ekitald nagusia egingo dute Ikusgarri zineman. “Ordu erdi iraungo duen ekitaldi honetan kooperatibismoa goratuko dugu, eta Azkue ikastolak lekukoa pasatuko dio 2020an Ibilaldia antolatuko duen Elorrioko Txintxirri ikastolari“.
Hurrengo orduetan herriko eta inguruko sortzaileen ekitaldiez gozatzeko aukera edukiko dute HA gunera hurreratzen direnek. RA deritzon bigarren gunea Plazan egongo da. Hori bai, gunea zabala izango dela aurreratu dute; plazaz gain, portua, parkea eta hondartza ere hartuko ditu guneak.
TZA hirugarren gunea itsasargitik gertu egongo da, garai batean egurra sikatzen zuten Eiguren enpresa zegoen tokian. GO laugarren gunea, ostera, Santa Katalina itsasargian ipiniko dute. Azken bi gune horietan eskainiko dituzte kontzerturik jendetsuenak. TZA gunean Nabil talde lekeitiarra, Izaki Gardenak, Nogen ariko dira 14:30ean hasita, eta GO gunean, berriz, Hara talde ondarrutarra, Esne Beltza eta Sustrajah Band talde lekeitiarra, ordu berean hasita.
Gune guztietan jan edanerako aukera egongo dela aurreratu dute. Eta zerbitzua ematerakoan iraunkortasunaren aldeko apustua egingo dute. Ingurumena zaintzeko konpromisoa eta ardura hartu du 2019ko Ibilaldiak. “Ibilaldiaren zirkuitua eta gunea garbi mantentzea denon erronka izango da”. Era arduratsuan kontsumitu, iturriak erabili, hondakin bakoitza dagokion edukiotzira bota, komunak erabili edo garraio publikoa erabiltzeko eskatu dute. Era berean, plastikoaren erabilera ahalik eta gutxien murriztu nahi izan dute. Hori dela eta, ez dute plastikozko ur botilarik salduko. Iturriak ipiniko dituzte, eta txosnetan ura edalontzietan emango dute.
Festa parekidea egite aldera, gainera, jai parekidearen aldeko urratsak emango dituzte. Gune guztietan eragile moreak deritzon figurak ipiniko dituzte, eta eraso sexisten aurkako protokoloa edukiko du Ibilaldiak.
Euskal Herriko hainbat lekutatik heldutako jendetza hartuko du Lekeitiok domekan. Eta herrira heltzea denentzako errazagoa eta erosoagoa izan dadin, garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egin nahi izan dute. Euskotrenek eta Bizkaibusek bidaia bereziak antolatu dituzte Ibilaldirako. Bizkaibusek zerbitzu berezia jarriko du Lekeitiora joateko. Bilbotik etortzen direnek Matienara arte trena hartu beharko dute, eta behin Matienara helduta, ordu laurdenero autobusa edukiko dute Lekeitiora. Lekeitiotik Bilbora joateko ohiko zerbitzua ere aldatu egingo dute, autobusak Matienara arte egongo dira, eta bero bertan autobus aldaketa egin beharko da.
Lekeitiora autoz sartzea debekatuta egongo dela ere gogorarazi dute udal ordezkariek, “herritarren eta bisitarien segurtasuna bermatzeko”. Alde batetik, 09:00etatik 14:00etara, ezingo dira autoak herri barruan sartu. Era berean, 14:00etatik 19:00etara bitartean, Ibilaldiko ibilbidera doazen kaleetan ere zirkulazioa debekatuko dute.
Ibilbidean zehar egon den jende kopuru handia kontuan hartuta, eta ezbeharrak saihesteko helburuagaz, Ibilaldiko lau guneen arteko kaleetan autoak kendu beharko dira zapatuan [maiatzak 18] 15:00ak aurretik. “Arropaingo aparkalekuan, osasun etxeko aurrean, Atea kaleko aparkaleakuan, portuan, Paskual Abaroa etorbidean (Talako aroztegitik botikara doan aldean) eta Santa Katalina ibilbidean kokatzen diren auto guztiak kendu egin beharko dira oinezkoen segurtasuna bermatzeko”.
Herritarrei Lekeitioko sarreran dauden P2, P3 eta Artadi edo mahastiko lineako aparkalekuak erabiltzeko gomendatu diete. Domekan, berriz, herriko aparkalekuak betetzen direnean Ispasterko industrialdera bideratuko dituzte autoak. Autobus zerbitzu etengabea egongo da Lekeitio eta Ispasterko aparkalekuaren artean. Karraspio hondartzako aparkalekua, ostera, autokarabanentzako bideratuko dute.