Ondarroako Udalak Txomin Agirre azpiko aparkalekuak zabalduko ditu
Ondarroako udalbatza osatzen duten indar guztiek aho batez onartu dute Ibaiondon 132 aparkaleku zabaltzeko proposamena.
Udal ordezkariek nabarmendu dutenez, gunea zabaltzeko hilabeteak daramatzate Bizkaiko gotzaindegiarekin harremanetan, eta, azkenean, akordio batera ailegatzea lortu dutela agertu dute. “Gaia nahi baino gehiago luzatu da, eta oraindik ere auziak bere horretan jarraitzen badu ere, aparkalekuak zabaltzeko akordio batetara ailegatu gara”. Alkateak esan duenez, akordioa lehen urratsa da herrian aparkatzeko dagoen arazoari aurre egiteko. “Neurri gehiago hartuko diren arren, neurri honek aparkalekuen arazoa leuntzen lagunduko du, eta hor aldetik oso pozik gaude”.
Eguenean [maiatzak 9] onartu zuten proposamena, eta orain Bizkaiko Aldizkari Ofizialean publikatuko dute. “30 eguneko epean alegaziorik egin ezean zabalduko da izen emateko epea. Ahalik eta arinen zabalduko ditugu zerrendak, gutxi gorabehera, ekainaren amaieran“. Azpimarratu dutenez, aurretik izena eman zutenek berriro eman beharko dute.
Aurreratu dutenez, herritarren eskura ipiniko diren 132 aparkalekuak eta zortzi trastelekuak emakidan emango dira, 30 urterako. Trasteleku gabeko aparkalekuak 14.600 eurotan eskuratu ahal izango dira, eta trastelekua dutenak, berriz, 20.500 eurotan. “Hemen ere Astilleruko formula bera erabiliko dugu. Plaza eskuratzen dutenen artean elkarte bat osatu beharko da, eraikinak sortzen dituen kostu finkoak (argia, igogailua, mantenua…) ordaintzeko”.
Lekuren bat eskuratzeko honako hiru baldintzetako bat beharko dute eskatzaileek: auto jabea izatea eta Ondarroan erroldatua egotea, auto jabea izatea eta Ondarroan etxe jabea izatea eta auto jabea izatea eta Ondarroan lantokia izatea.