Ondarroako Zientzia Asteak Zientziafot argazki erakusketa dakar Ondarroa eta Mutrikura
Zientziaren Giltzak elkartearen ekimenez, Zientzia Astea antolatu dute Ondarroan hirugarrenez. Zientziagaz zerikusia duten hainbat ekintza egingo dituzte maiatzaren 15etik 23ra, eta tartean, Zientziafot argazki zientifikoen erakusketa ikusteko aukera egongo da Ondarroan eta Mutrikun.
Maiatzaren 17tik 23ra Zientziafot argazki zientifikoen punta-puntako erakusketa ikusteko aukera egongo da. Erakusketa osatzen duten 49 argazkiak Ondarroan Alamedako udal erakusketa aretoan eta Mutrikuko Zabiel kultur etxean ikusi ahal izango dira aldi berean. “Herri bietan argazki desberdinak ikusi ahal izango dira. Erakusketa osotasunean ikusi nahi dutenek herri batera zein bestera hurreratu beharko dute”.
Aurten, gainera, 50 urte beteko dira Neil Amstrongek ilargi zapaldu zuela. Eta urteurren hori kontuan hartuta, “umorez betetako” kartela egin eta ekintzaz betetako egitaraua zabaldu dute Zientziaren Astearen berri emateko. Lea-Artibai eta Mutrikuko herritarrei ekintzekin gozatzera hurreratzeko gonbidapen zabala egin dute antolatzaileek. “Datozen egunetan era entretenigarri batean zientziaz gozatzeko aukera egongo da”.
Zientzia asteari dagokionez, Radixu Irratiko irratsaio bereziagaz hasiko da. Eguaztenean [maiatzak 15] Zientziaren Giltzak elkarteko ordezkariak Azken Mohikanoak saiora gonbidatu dituzte, eta 22:00etatik aurrera zientzia asteari buruzko xehetasunen berri emango dute. Jarraian, Sarai Montes hezitzaileak azaroan transexualitateari buruz eman zuen hitzaldiaren grabazioa entzuteko aukera egongo da irratian.
Aurten ere, nazioarte mailan zientzia herritarrengana hurreratzeko egiten den Pint of science deritzon egitasmoarekin bat egingo du Ondarroako Zientzia Asteak. Hilaren 20tik 22ra munduko 24 herrialdetan batera egingo dute jaialdia. Astelehenean [maiatzak 20], esaterako, Joxe Mari Urteagak gidatuta, bi hitzaldiz gozatzeko aukera egongo da Beikozini aretoan. Maia Garcia fisika doktoreak eta Ikerbasqueko ikertzailea historia aldatu zuten materialei buruz ariko da, eta ondoren, Martera egindako bidaia espazialari buruzko hainbat xehetasun emango ditu Iñaki Ordoñez astrofisika doktoreak.
Pint of science bigarren jardunaldian, berriz, herriko bi zientzialari izango dira protagonistak. Nagore Osorok gidatutako saioan Jon Casaisek eta Aizeti Burgoak automobilgintzari buruzko hitzaldi bana eskainiko dute Kirrixkin. Hirugarren jardunaldia, azkenik, era dibertigarri eta entretinagarriago batean datorrela aurreratu dute; Adan eta Evaren sorrera, sexua, zientzia eta ardoari buruz ariko dira.
Eta Zientzia Astea borobiltzeko, beste bi ekintza egingo dituzte maiatzaren 23an. Alde batetik, Amume’s Power deritzon ekimena egingo dute goizean. Laborategi praktika errazak eskainiko dituzte 55 urtetik gorako emakumeentzat Idoia Mujika irakaleak eta Eli Sarasketa ondarrutarrak. “Ohiko edozein gauzekin esperimentuak egiteko aukera edukiko dute bertaratzen diren emakumeek. Bertan parte hartu nahi dutenek aurretik izena eman beharko dute Turismo Bulegoan edo Zurrurrurrun”.
Eta, amaitzeko, astronomiari buruzko hitzaldia emango du Fernando Jauregi Iruñeko planetarioko astrofisikariak. “Hile honetako hitzaldia izango da honakoa. Zerbait berezia eskainiko digu Jaregik”.