Pentsio duinen aldeko manifestazioak jendetza batu du Ondarroan
Pentsiodunen elkarteek Hego Euskal Herriko hiriburuetan egindako deiagaz bat eginda, manifestazio jendetsua egin zuten zapatuan [maiatzak 11] Ondarroan. Ondarroako Pentsionistak elkarteak eman dituen datuen arabera, 565 lagun batu ziren.
Hauteskunde kanpainan bete-betean sartuta, politikarien arreta eskuratu nahi izan zuten Ondarroan zapatuko protestan batu zirenek. Beste behin ere konpromiso zehatzak eskatu dizkiete politikariei, eta erakundeei pentsio publiko duinak bermatzeko gogorarazi diete.
Alamedatik abiatu zuten 12:00etan martxa, eta, erdiguneko hainbat kale zeharkatu ondoren, Alde Zaharrean amaitu zuten. Gure pentsioak defenda ditzagun, Hemen eta orain 1.080 edo Pentsionistak aurrera leloak entzun ziren kalerik kale. Oro har, pentsio duinak eta bidezkoak eskatu zituzten.
Ondoren, Bilbon irakurri zen manifestu bera irakurri zuten euskaraz zein gazteleraz. Maiatzaren 26ko hauteskundeetan ere pentsioak jokoan daudela ohartarazi nahi izan zuten.