Amankomunazgoak Ataxia de Friedreich gaixotasuna ikertzera bideratuko du tapoi bilketa
Tapoien bilketa pilak batzeko sisteman sartzeko, Amankomunazgoa eragileekin jarriko da harremanetan. UTE Bilketa 2017 enpresak, ostera, Andonegin bildutako tapoiak Txorierriko Amankomunazgoak duen biltegira eramango ditu.
Lea-Artibai Amankomunazgoak, UTE Bilketa 2017-k eta Sondikako (Bizkaia) familia batek elkarlanean abiarazi dute tapoi solidarioak batzeko egitasmoa. Eta Sondikako familiak hala eskatuta, tapoien salmentatik lortzen den dirua Ataxia de Friedreich gaixotasun arraroaren ikerketara bideratuko dute.
Ataxia de Friedreich gaixotasuna degeneratiboa eta herentziazkoa da, eta Euskal Autonomi Erkidegoan 35 pertsonari eragiten dio. Gaixotasunak pertsonaren autonomia galarazten du, mugitzeko gurpildun aulki bat behar izan arte. Gaur egun ez duela sendabiderik gaineratu dute.
Tapoien bilketa pilak batzeko sisteman sartzeko, Amankomunazgoa eragileekin jarriko da harremanetan. UTE Bilketa 2017 enpresak, ostera, Andonegin bildutako tapoiak Txorierriko Amankomunazgoak duen biltegira eramango ditu, urtean behin edo birritan. Eta Txorierreiko Amankomunazgoa arduratuko da bildutako tapoi guztiak saltzeaz.
Rakel Elu Bengoetxea Lea-Artibai Amankomunazgoko lehendakariak eskualdean elkartasunezko ekimenak egiteko ahalmena goraipatu du. “Gure eskualdean ugariak dira elkartasunezko ekimenak. Tapoi bilketa solidarioa egiteko proposamena jaso genuenean argi eduki genuen guk ere lagundu genezakeela”. Mota honetako egitasmoei esker, Eluk espero du “herritarrek kontzientzia hartzea eta gaixotasun arraroez gain birziklapenean ere denok egin behar dugula gure ahalegina”.