Auto batek txirrindulari bat jo du Markina-Xemeinen, eta ez da gelditu
HITZAk jakin ahal izan duenez, 16-17 urte bitarteko gaztea da txirrindularia, eta Galdakao-Usansolo ospitalera eraman dute, zauri arinekin.
Ertzaintzak esan duenez, 17:30ak aldera auto batek txirrindulari bat jo du Markina-Xemeingo saihesbidean. Txirrindularia 16-17 urte bitarteko gaztea zen, eta zauri arinak eduki ditu. “Belaunean mina zuela esaten zuen, eta Galdakao-Usansoloko ospitalera eraman dute, baina ezer larririk barik”, zehaztu dute ertzainek. Hori bai, autoa ez dela gelditu esan dute. “Ez dakigu autoko gidaria ez bada enteratu edo ihes egin duen, hori ezin dugu esan. Baina ez da gelditu”.
Ertzainek Markina-Xemeingo udaltzainei ere gertaeraren berri eman diete, autoa bilatzen laguntzeko. Dena dela, Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da.