"Guztientzako herri bat eraikitzeko" lan egingo duela dio Iratxe Pikaza Ziortza-Bolibarko EAJren alkategaiak
Besteak beste, zerbitzu berriak ezartzea, auzoetako espazio publikoak berreskuratzea, irisgarritasuna eta energia berriztagarrien alde egitea dira Ziortza-Bolibarko EAJren programako ildo nagusiak.
Zerbitzu publikorako bokazioa eduki du beti Pikazak, funtzionario legez, eta orain, alde politikora jauzi egin du. “Herriarendako gauzak egitea, ikustea zelan aurrera egiten den, jendeari entzutea eta etorkizunean pentsatzea dira egin daitezkeen gauzarik erakargarrienak”. Eta hori dena egiteko, “alderdirik egokiena” EAJ dela dio, “alderdi honen idei nagusia herria eraikitzea izan delako eta izango delako beti”.
Hamar puntutan laburbildu dute Ziortza-Bolibarrerako prestatutako programa:
- 1- Nagusien zerbitzu eta prestazioetan hobetzeko lanean jarraituko dugu zerbitzu berriak ezarriz: ke-detektagailuak, garraio hobekuntzak.
- 2- Auzoetako espazio publikoak berreskuratu eta egokituko ditugu, bideak konpondu eta auzo bideen garbiketa eta mantenua indartuko dugu.
- 3- Gure herriko ingurunea irisgarriagoa egiteko ekintzak egiten jarraituko dugu eta fibra optikoaren zabaltzea bultzatuko dugu.
- 4- Energia baliabideak (biomasa) nabarmendu eta bere erabilpena sustatuko ditugu, eraikin eta argiteri publikoan energia berriztagarriak bultzatuz.
- 5- Bilketa sistemaren kostua ez igotzeko eta birziklatuen biltze kopuruak handitzeko ekintzekin jarraituko dugu, kontzientziazioa bultzatuz.
- 6- Estolderi sareko zati berri bat egingo dugu arazketa sare publikora ahalik eta etxebizitza gehien konektatzeko.
- 7- Ur horniketako zati berri bat egingo dugu horniketa sare publikora ahalik eta etxebizitza gehien konektatzeko.
- 8- Udaletxeko berriztatzea amaituko dugu gure auzokoen zerbitzu administratiboaren kalitatea hobetzeko.
- 9- Oinezko eta bizikletentzako bidegorrien azterketa bat egingo dugu, Kolegiatako igoerako galtzada konpondu eta auto-karabanentzako gune bat atondu.
- 10- Gure ohiturak mantendu eta indartzen duten ekintzak bultzatuko ditugu, batez ere, gure kirolak, euskal dantzak, musika tresnen erabilera…
Pikaza, gertutik. Karrerako funtzionarioa da Pikaza. 18 urte daramatza erakunde ezberdinetan lan egiten, giza baliabide eta antolamendu zuzendaritza lanpostuetan. Zaletasunik handiena bidaiatzea du: kultura eta kontinente ezberdinak bisitatuz, beste errealitate batzuk ikustea. “Familiarekin bidaiatzea, hori bai, ume batendako egin daitekeen gauzarik aberasgarriena beste kultura batzuk ikustea delako”.
Ziortza-Bolibarko EAJren zerrendakideak:
- Iratxe Pikaza Añibarro
- Jon Ander Barrutabeña Gerrikabeitia
- Jose Luis Zelaia Basterretxea
- Iñigo Uribe Fundazuri
- Maria Angeles Arriaga Etxebarria
- Jose Salbador Aspiazu Totorikaguena
- Francisco Maria Gonzalez De Etxabarri Gaztañazatorre