Miren Tere Aboitiz (EH Bildu): "Pauso bat aurrera eman nahi dugu eta Lekeitioko udal gobernua berreskuratu"
Herritarrak erdigunean ipini eta ezkerreko politika euskaldun eta feminista egitea du helburu koalizio abertzaleak.
Lekeitioko bide nagusiak elkartzen diren erdigunea aukeratu zuen atzo [maiatzak 14] EH Bilduk datorren maiatzaren 26ko hauteskundeei begira Lekeitiorako, Bizkairako eta Europarako dituzten proiektuak aurkezteko. Miren Tere Aboitiz Erkiaga Lekeitioko EH Bilduren alkategaia eta hautagaiak, Iratxe Arriola Alzola Busturia-Uribe Barrutitik Batzar Nagusietarako EH Bilduren hautagaia eta Leire Pinedo Bustamante EH Bilduko legebiltzarkidea atera ziren oholtzara.
Azken agintaldian EH Bilduko zinegotzi izan da Miren Tere Aboitiz, eta alboan izan duen lantaldeari esker udalaren funtzionamendua ezagutu eta oposizioa egin dutela azaldu zuen. “Oposizioa herriarentzako onak izan diren proposamenak eginda, eta beharrezkoa izan denean udal gobernuaren jarduna salatuta”. Baina, orain, pauso bat aurrera eman nahi dute, eta udal gobernua berreskuratu. Horretarako, talde sendoa eta denetariko jendez osatua bildu dutela esan zuen Aboitizek, “horixe delako EH Bildu, askotariko jente eta eragileen batura; Lekeition esaten den legez, jaseko jendea”.
Lekeitioko EH Bilduren alkategaiak azaldu zuenez, herritarrak erdigunean ipini eta ezkerreko politika euskaldun eta feminista egiteko berreskuratu nahi dute udala. “Prest gaude EAJk bere aginteko lau urteetan geldiarazita dituen kultura, parte hartzea, ingurumena, herriko talde eta eragileekin hartu-emanak… berreskuratu eta merezi duten bultzada emateko. Herriko bizitzan eragina daukana bai delako udalaren zeregina, eta herri bizia daukagu, ein handi baten, taldeak egiten duten beharrari esker”.
Gehien behar duena erdigunean jartzea ardatza izan behar dela esan zuen Aboitizek, inongo aitzakiarik barik, euskarari merezi duen bultzada eta lekua eman behar zaiola aditzera eman zuen, eta udalak, beti, bere eguneroko jardunean, emakume eta gizonen arteko parekidetasuna bermatu behar duela azpimarratu zuen. “Hori bermatzeko, zinegotzi guztiok eduki behar dugu ikuspuntu hori momentu eta arlo guztietan”.
Emakumeez gain, gazte, nagusi eta etorkinak ere erdigunean nahi dituzte. “Zelan ahal dio udalak ukatu etorkinari erroldatzeko eskubidea? Hori ez da zilegi EAJ. Gerratik eta pobreziatik ihesi datorren jendeak errolda barik ez dauka inongo eskubiderik, ez da existitzen. Hori, duda barik, aldatu egingo dugu”.
Oposizioan beharrean egon direnez, udalean, gaur egun, ez dagoela milaka euroko zorrik esan zuen. “Horri esker, hasieratik amaierara EH Bilduren inplikazioa eduki duen San Andres auzoko lanak aurrera eroan ahal izan dira, eta finantzatzeko dirua mailegu bidez lortu du udalak. Mailegu hori ez zen izango posible zorra altua izango balitz”. Beraz, zorra kontrolpean eduki, eta, aldi berean, herriarentzako onuragarriak diren proiektuak aurrera eramatea dela EH Bilduren konpromisoa jakitera eman zuen Aboitizek, eta duda barik, horretan segituko dutela “ilusioz eta gogoz”. “Guk ez dugu gozokirik banatzen, baina diru publikoagaz errespetu handiz jokatzen dugu, danona delako, herriarena delako. Erabaki serioak hartzen ditugu, eta benetako garrantzia daukana herritarrak dira, ez itxurakeria eta postureoa. Udala berreskuratzen dugunean denentzako egongo dira ateak zabalik, baina horretarako maiatzaren 26an badaukagu konpromisoa hautestontzietan”.
Bertatik bertarako politikak. Maiatzaren 26an partidu inportantea jokatzen dela azpimarratu zuen, berriz, Iratxe Arriolak. “Azterketa inportantea da aurrean daukaguna, eta azterketa horretara, herriz herri bai eta batzar nagusietatik ere, talde indartsua goaz, jende prestatua, kudeaketarako prestatua, batzuk berriak eta beste batzuk esperientzia dutenak, baina edozein kasutan ere, elkar osatzeko elkarrengandik ikasteko eta elkarregaz bidea egiteko prest gaudenak”.
Bizkaia osatzen duten eskualde guztietarako EH Bilduk daukan proiektua bertatik bertarako politikak egitea dela azaldu zuen. “Km 0-ko politikak egitea arlo guztietan, bai elikaduran, bai osasunean, bai enpleguan, bai kulturan, bai aisialdian, bertatik eta bertakoentzat“. Lea-Artibai eskualdeari dagokionez, gaur egun existitzen diren eskualdeko egiturak indartu eta kohesionatzea dela euren proiektuaren ardatza. “Eta gure motor inportanteenak kapital humanoa eta kapital fisikoa dira”.
EAJk ordea, beste kapital bat daukala aitatu zuen Arriolak. “EAJren kapitala Bilbo handia da eta politika guztiak Bilbo handiari begira egiten ditu, bertan biltzen ditu zerbitzu publiko guztiak, baliabide eta jarduera guztiak, eta horregaz desoreka itzela sortzen du. Lehenengo eta bigarren mailako herritarrak eta eskualdeak sortzen ditu, eta hori apurtzeko momentua da. Herritar guztientzat eskubide berberak eta zerbitzuetarako eskuragarritasun berdina bermatu behar da”. Adibide modura ospitaleak jarri zituen. Bilbo handiaren inguruan biltzen direla esan zuen hainbat azpiegitura, Basurto, Gurutzeta, Galdakao, denak eremu baten inguruan. “Eta hemen Lea-Artibai eta Busturialdean bizi garenontzat aspaldi zin egin ziguten Gernikan ospitale bat eraikiko zutela bertako herritarrentzat, 70.000 herritarrentzat. 40 miloi euro inbertitu dituzte eta daukaguna da osasun etxe handi bat urgentziekin, ez besterik”.
EH Bilduk beste Bizkaia bat eraiki nahi duela nabarmendu zuen Arriolak, denontzako hobea. “Bizkaia solidario bat izatea nahi dugu, lurralde kohesionatu bat, eskualdeak indartu egiten dituena, aldaketa klimatikoari aurre egiten diona eta bidegorri sareak eraikitzen dituena eskualdeak konektatuta egoteko. Politika publiko aktiboak martxan jarri nahi ditugu, Bizkaia justu bat nahi dugu, eskubide guztiak pertsona guztiontzat, eta beste hainbat eta hainbat kontu”. Eta proiektu hori aurrera eramateko nahitaezkoa dela azpimarratu zuen kaleagaz harremanak edukitzea, “eta hori da gure asmoa”.
Euskal Herriaren ahotsa. EH Bildu indartsu atera zen apirileko hauteskundeetatik, eta olatu horri eutsi egin behar zitzaiola aditzera eman zuen, azkenik, Leire Pinedok, olatu hori udaletara, aldundietara eta Europara heldu araziz. “Argi daukagu zer nolako herria nahi dugun. Arlo ekonomikoan eta sozialean herri aurreratua, ezartzen dituen politika publikoengatik erreferentea izango den herria, hau da, pertsonak ondo biziko diren herria. Hori da EH Bilduren eredua”. Eta horretarako erakundeetatik politika publiko eraginkorrak abian jarri behar direla esan zuen. “Kaleak loreekin apaintzen dituzte batzuk, langabeziaren datuak ezkutatzeko edo bestelako gabeziak ezkutatzeko. Guk, ordea, enpleguaren alde lan egingo dugu, gazteei benetako aukerak emateko hemen, gure herrian, ez dute zertan atzerrira joan behar”.
Europan Euskal Herriaren ahotsa entzutea oso garrantzitsua izango dela gaineratu zuen, eta EH Bilduk ERCrekin eta BNGrekin osatu duen Orain Errepublikak koalizioak horretan jardungo duela esan zuen. “Eskozia, Gales, Korsika eta beste hainbat estaturik gabeko herriekin batera independentzia eskubidea aldarrikatuko dugu. Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea duelako. Gure herriaren aitortza lortzeko baldintzak sortu eta urratsak emateko goaz Bruselara. Hori guk bakarrik egingo dugu, guk ez dugulako talderik partekatzen gure herriaren nortasuna ukatzen dutenekin, hori EAJk egiten du Ciudadanosekin”.
ZERRENDAKIDEAK:
1- Miren Tere Aboitiz Erkiaga
2- Myriam Etxebarrieta Badiola
3- Xabat Galletebeitia Abaroa
4- Ainhoa Lopez Eiguren
5- Jose Ramon Arrasate Urkiaga
6- Edriga Aranburu Agirre
7- Agurtzane Gojenola Arriaga
8- Ander Goikoetxea Vazquez
9- Oldazne Zabala Egia
10- Jon Gezuraga Arrate
11- Irati Seijo Diez
12- Koldo Leniz Ortuondo
13- Zuriñe Uslola Erkiaga
14- Peru Aranburu Berriozabalgoitia
15- Oihana Garatea Sustaeta
16- Andoni Gabiola Goiogana Toñua