Ziortza-Bolibarko EH Bilduk dio "gertutasuna eta gardentasuna" izango direla euren ezaugarriak
Ziortza-Bolibar eginez, ibiliz eta euskaraz eraiki nahi dutela diote, "jendea alkartuz, haiekin batzartuz eta auzolanari garrantzia emanaz". Herritarren parte hartzea sustatuz, parekidetasuna, euskara, herria gazteei begira egin eta ingurumen politika jasangarriak dira koalizioaren jomuga nagusiak.
Ziortza-Bolibarko EH Bilduko lantaldeak azpimarratu du “gardentasuna eta gertutasuna” izango direla euren lanaren ezaugarriak, “azken urteetan egin legez”. Orain arte egin dutenagaz harro sentitzen direla esan dute. “Udaleko ateak irekita egon dira, eta auzotarrengana hurbildu gara auzo batzarren bitartez, eta herriko elkarteei ere entzun diegu. Kale alkatetza bat burutu dugu. Eta ez dugunez lan egiteko bestelako modurik ulertzen, datozen urteetarako ere horixe da gure konpromisoa”. Oro har, indarberrituta datozela diote.
Udaletxea plazako eraikinean kokatu nahi dutela diote. “Hainbat urtetan hutsik eta botere barik egon den etxea berriro ere ahalduntzea nahiko genuke. Komunitate moduan daukagun garrantziaz jabetu eta herria ordezkatzen duen guztion etxeari zor diogun lekua eman nahi diogu”. Beheko solairua eta bigarrena birgaitzea prozesu parte-hartzaile baten bidez erabakiko direla diote. Horrez gain, irisgarritasuna bermatzeko, herriko ekipamendu eta espazioak irisgarri diren lekuetan jarri eta herritarrei hurreratu nahi dizkietela diote.
- Euskara da koalizioaren programako lehen puntua. Euskaraz funtzionatzeko apustua egin, Ueman jarraitu eta onartuta duten plan estrategikoagaz jarraitzeko konpromisoa berresten dutela diote. “Azken lau urteotan eman ditugun pausu garrantzitsuak balioan jarri, herritarren parte-hartzea indartu eta kontzientziazioa landu nahi ditugu”. Horrez gain, euskal prentsa bultzatze aldera, HITZAgaz hitzarmen aukeran landuko dituztela ere gaineratu dute.
- Parte-hartzea eta parekidetasuna. Herriko emakumeen hasitako dinamikari jarraituz, herri parekidea eraikitzeko apustua egiten dute. “Horretarako, udalak aztertu egingo du egunerokoan andrazkoen parte hartzeari ezartzen zaizkion mugak. Udalak muga horiek ez birsortzeko eta eguneroko dinamikan parte hartze errala ziurtatzeko bideak ipintzeko lan egingo du”. Arlo horretan, gazeei eta belaunaldi berriei begira, herriko espazioak egokitu egingo dituztela diote.
- Kultura. Herrian kulturari espazio duin bat emate aldera, dituzten baliabideak “optimizatu” eta kultur jarduera oparto bat eskaintzea eta sortzea dela euren nahia diote. “Dauden elkarteetatik egiten den lana baloratu eta sormenari eta jakintzari leku eman nahi diegu”. Zehatz esateko, udalak dituen lokalen espazioaren berrerabilera eta herriko espazioen berrantolaketa bultzatuko dituzte.
- Auzoa. Saneamendua osatu, auzo bideak egoki jarri eta auzolana bultzatuko dituzte.
- Ingurumena. Herrian ingurumenak duen garrantziaz jabetuta, basogintzan “aldundiak burutu duen katastrofe ekologikoari aurre egin” nahi diote. “Basoen tala neurrigabeak lurrak pobretu eta uxolak gehituko ditu. Horren aurretan, alternatiba bat eraikitzeko baldintzak ipini nahi ditugu”. Landare autoktonoak eta espezie aniztasuna ereiteko dauden erraztazunak bultzatuko dituzte. “Bizkaian amorrain espezie autoktonoa gordetzen den leku bakanetakoa dugu Ziortza-Bolibar, eta herritarro etorkizuna babestuko dugu gure ingurumen politikekin”. Zaborrari dagokionez, bilketa gastuak murrizteko bideak jorratuko dituztela diote, kontzientziazioa landuz eta alferrikako gastuak saihestuz.
Oro har, Ziortza-Bolibar eginez, ibiliz eta euskaraz eraiki nahi dutela diote, “jendea alkartuz, haiekin batzartuz eta auzolanari garrantzia emanaz”. Herritarren parte hartzea sustatuz, parekidetasuna euren jarduera guztietan txertatzearen alde egingo dutela gaineratu dute. “Berton eta kanpoan jaiotako ziortza-bolibartarrak euskararekin batu nahi ditugu. Eta belaunaldi gazteagoei Ziortza-Bolibar hobea uzteko, ingurugiroa zaindu eta babesteko ekimenak bultzatzea da gure asmoa, herritarrekin batera”.
Ziortza-Bolibarko EH Bilduren zerrendakideak:
- 1- Alberto Garro Uribe. 58 urte eta administraria
- 2- Marijo Irusta Argoitia. 61 urte eta jubilatua
- 3- Andoni Lariz Bustindui. 46 urte eta euskal eta frantses filologian lizentziatua
- 4- Alicia Rementeria BarruetabeƱa. 55 urte eta biltegiko langilea
- 5- Rikardo Sanchez Duralde. 55 urte eta pentsioduna
- 6- Aiora Arrieta Astorkia. 27 urte eta psikoonkologoa eta zainketa aringarrietako psikologoa
- 7- Saioa Bildosola Gerrikabeitia. 30 urte eta hostalaria
- 8- Junkal Bustindui Apoita. 44 urte eta kooperatibako langilea
- 9- Jose Aransolo Ibaibarriaga. 77 urte eta erretiratua
- 10- Miguel Angel Mendibe Milikua. 57 urte eta kamioi gidaria