Armagintzarik gabeko herria jardunaldiak Markina-Xemeinen
Barikuan [maiatzak 17] hasi eta domekara [ maiatzak 19] bitartean hitzaldiak eta 'Ongietorri' dokumentalaren emanaldia egongo dira kultur etxean.
Markina-Xemeingo Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak Armagintzarik Gabeko Herria jardunaldiak antolatu ditu. Barikuan [maiatzak 17] hasi eta domekara [ maiatzak 19] bitartean Palestina eta Yemengo egoerei buruzko hitzaldiak eta Ongietorri dokumetalaren emanaldia egongo dira kultur aretoan.
Israelgo estatuari nazioarteko boikota bultzatzeko lan egiten duen BDS ( Boikota, Desinbertsioak eta Zantzioak Israeli) mugimenduko kideek emango dute barikuko hitzaldia. Okupazioa eta erresistentzia deitu duten ekitaldia 19:00etan hasiko da, eta Palestinar errefuxiatu batzuk ere bertan egongo direla jakinarazi dute antolatzaileek.
Zapatuan [maiatzak 18], berriz, beste hitzaldi bat egongo da CEAR-Euskadi eta Yemeniar errefuxiatuen eskutik, eta domekan, Gernika-Lumon grabatutako Ongietorri dokumentala emango dute. Dokumental horretan munduko herri desberdinetako 25 pertsonen istorioa eta haien migratzeko arrazoiak eta ondorioak kontatzen dira. 2018ko Indian World Jaialdian dokumental onenari saria jaso zuen.
Zapatuko hitzaldia eta domekako dokumentala 18:00etan hasiko dira.