Bizkaiko Trainerila Txapelketa Ondarroan jokatuko da da
Zapatuan sailkapen estropadak jokatuko dituzte, 16:00etan hasita, eta domekan finalak, 12:00etatik aurrera.
Bizkaiko Trainerila Txapelketa lehiatuko dute asteburuan, Ondarroako uretan. Zapatuan [maiatzak 18] sailkapen estropadak jokatuko dituzte, 16:00etatik aurrera, eta domekan [maiatzak 19] 12:00etan hasiko da finalen lehia. Hain zuzen, maila bakoitzetik bost talde sailkatuko dira finalera.
Gizonen gazte mailan zazpi ontzi ariko dira, eta horietako bat izango da Isuntzarena. Gizonen absolutu mailan 11 talde uretaratuko dira, tartean, Ondarru eta Isuntza. Nesketan, berriz, sei lehiatuko dira eta Lea-Artibaiko bi arraun taldeak bertan ariko dira lehian.
Trainerilla liga. Aurreko asteburuan Lekeition erabaki zen Bizkaiko Trainerillen Liga; 5. eta 6. jardunaldian lehiatu zituzten. Gizonen absolutu mailan, Ondarruk irabazi du liga, 103 puntugaz. Atzetik hiru puntura geratu da Bermeo A, eta Isuntza A lau puntura. Bermeo C eta Isuntza B bosgarren eta seigarren sailkatu dira, 66 eta 65 puntugaz, hurrenez hurren. Isuntza C sailkatu da azken postuan, 10 puntugaz.
Emakumezkoetan Deustu A izan da ligako onena, 70 puntugaz. Ondarru A (51 puntu) eta Isuntza B (38 puntu) sailkatu dira bigarren eta hirugarren. Jarraian, Mundaka A eta Isuntza A sailkatu dira, 32 eta 29 puntugaz, hurrenez hurren. Ondarru B (25 puntu) zazpigarrena izan da eta Mundaka B azkena (8 puntu).
Mutilen gazteetan Arkote nagusitu da, 65 puntugaz; hiru puntu gutxiago bildu ditu Deustu Ak eta Itsasoko Ama hirugarrenak 53 puntugaz amaitu du liga. Laugarrena izan da Bermeo, 49 puntugaz, eta jarraian, puntu bat gutxiagogaz amaitu du Isuntzak.