EAJk Markina-Xemeingo mitinean esandakoak gezurtatu ditu EH Bilduk
EH Bilduk esan duenez, ahaldun nagusiak "EAJ udal gobernuan egonez gero, saihesbidea errealitate bihurtuko dutela" adierazi du, eta hori Markina-Xemeingo herritarrei xantaia egitea dela diote.
Joan den domekan [maiatzak 12] Markina-Xemeinen egindako mitinean Luis Mari Egurrola EAJren Markina-Xemeingo alkategaiak eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eginiko adierazpenak argitu eta gezurtatu ditu Markina-Xemeingo EH Bilduk.
Unai Rementeriaren esanetan, herritarren ardura nagusietako bat eskualdeko mugikortasuna hobetzea dela azaldu dute, zehazki Etxebarriko saihesbidea. Baieztapen hori ez dute ukatzen, hala ere, orain arte Markina-Xemeinen, Berriatuan, Etxebarrian, zein lehenago ere Ziortza-Bolibarren eginiko hobekuntzak “txikiak” izan direla erantzun diote, eta batean ere ez dela bazterbiderik handitu. “Eta orain, Egurrola jaunak bidegorrien sarea handitzea aipatzen du? Ezbairik barik errazena eta ekonomikoena, herriak oinezkoen eta bizikleten bidez lotzeko, bide horiek errepideen hobekuntzetan egitea da, ez ondorengo proiektuen bidez”.
Ukaezina dela dio EH Bilduk, Etxebarriko saihesbidearen beharra. “Eta Rementeriak dionez funtsezkoa da udalarekiko elkarlana. Bere esanetan, EH Bildugaz ez omen da posible izan. Esandako hori gezur handia da”. Azaldu dutenez, 2016 urte amaieran, Markina-Xemeingo eta Etxebarriko udalek aholku erakunde bati eskatu zioten BI-2636 errepideko zirkulazioak udalerri horietan zeukan eragina aztertzea. “Txostena eskuetan, zenbait aldiz bildu ginen Rementeria jaunarekin. Lehendabizikoz 2017ko apirilean; bileran txostenaren ondorioak aurkeztu genizkion, argi gelditzen zen saihesbidearen beharra. Bertan izan ziren Markina-Xemeingo zein Etxebarriko udaletako ordezkariak, hala nola, Etxebarrian dauden zenbait enpresetako ordezkariak. Harrezkero ez dugu erantzunik jaso”.
EH Bilduk esan duenez, ahaldun nagusiak “EAJ udal gobernuan egonez gero, saihesbidea errealitate bihurtuko dutela” adierazi du. “Zer esan nahi du horrek? EHBildu alkatetzan jarraituz gero ez dela saihesbiderik egingo? Horrek izena du: Markina-Xemeingo herritarrei xantaia“.
Azkenik, Luis Egurrolak, oposizioak udalean parte hartzeko eta lan egiteko zailtasunak izan dituela, aditzera eman duela esan du EH Bilduk. “Bitxia da baieztapena, gogoan hartzen badugu eurek gobernuan zeuden sasoian oposizioak pare bat batzordetan baino ezin zuela parte hartu. Azken zortzi urteetan, ordea, EH Bilduko udal gobernuaren gonbitez, oposizioak erabakiak hartzen diren batzorde guztietan parte hartzeko aukera izan du, besteak beste, Ogasuna, Hirigintza, Kultura, Berdintasuna, Euskara eta abar”.