Elbira Zipitriari buruzko filma estreinatuko dute Lekeition
Euskal Zine Bilerak, Ibilaldiarekin elkarlanean, filmaren aurre estreinaldia egingo du. Maider Oleaga zinegilearen begirada pertsonaletik abiatuta, hurbilduko da ikuslea Elbira Zipitriarengana.
Maider Oleaga zuzendariak Elbira Zipitria euskarazko eskolen sortzailaren inguruan egin duen Muga deitzen da Pausoa filma estreinatuko dute Lekeition. Euskal Zine Bilerak, Ibilaldiarekin elkarlanean, filmaren aurre estreinaldia egingo du barikuan [maiatzaren 17], 19:30etan, Ikusgarri zinema aretoan, eta filmaren proiekzioa egin ostean, gainera, zuzendariarekin solasaldia egingo da, pelikularen inguruan hitz egiteko. Ekimen biak doan izango direla jakitera eman dute.
Oleagaren filma Gijoneko Zine Festibalean estreinatu zuten, eta Bartzelonako Zinemaldiko Saria jaso du. 79 minutuko lan horretan, hezkuntzan zein politikan aitzindari izan zen Elbira Zipitria ezagutzeko egin duen bidea kontatzen du Oleagak. Sei urte eman ditu lan horretan. 2011n Donostiako Fermin Calbeton kaleko 26. zenbakiko bigarren solairura lekualdatu zen Oleaga, frankismo garai betean Elbira Zipitriak lehen euskal eskola ireki zuen lekura. Politikaria, hizlaria, irakaslea eta euskararen defendatzaile sutsua, polemikoa eta maitatua izan zen Zipitria, aldi berean, eta hari buruz kontatzea merezi zuela erabaki zuen zinegileak.