Lekeitiok inoizko segurtasun neurri handienak edukiko ditu Ibilaldian
Udaltzaingo kopurua bikoiztu eta ertzaintza eta SOS Deiaren dispositibo bereziak jarriko dituzte, «ezbeharrak ekidite aldera». Garraio publikoko zerbitzua ere handitu egingo da.
Domekan [maiatzak 19] Lekeition ospatuko den Ibilaldira milaka pertsona hurbilduko direla aurreikusita, inoizko segurtasun neurri handienak jarriko dituela jakinarazi du Lekeitioko Udalak. Udaltzaingo kopurua bikoiztu eta ertzaintza eta SOS Deiaren dispositibo bereziak jarriko dituzte, «ezbeharrak ekidite aldera».
Zirkulazioan ere eragina izango dute neurriek. 09:00etatik 14:00etara ezin izango dira autoak herri barruan sartu, eta 14:00etatik 19:00etara Ibilaldiko ibilbidera doazen kaleetan ere zirkulazioa debekatuta egongo da. «Ibilbidean zehar egongo den jende kopurua handia izango da, eta Ibilaldiko lau guneen arteko kaleetan autoak kendu beharko dira zapatuko [maiatzak 18] 15:00ak aurretik».
Udalak zehaztu duenez, Arropaingo parkina, osasun zentroko aparkalekuak, Atea kaleko aparkalekuak, portua, Paskual Abaroa etorbidea (Talako aroztegitik botikara doan aldean) eta Santa Katalina ibilbidean kokatzen diren auto guztiak kendu beharko dira, oinezkoen segurtasuna bermatzeko. «Herritarrei Lekeitioko sarreran aurkitzen diren P2, P3 eta Artadi edo mahastiko aparkalekuak erabiltzea gomendatzen zaie herri barruan lekurik aurkitzen ez badute, eta garajea dutenek autoak kalean ez uztea».
Era berean, Karraspio hondartzaren parkinga autokarabanei bideratuta egongo da. «Herritarren laguntasuna beharrezkoa izaten da honelako egunetan eta Udalak aldez aurretik eskertu nahi die lekeitiarrei egindako esfortzuagatik».
Garraio publikoa. Bestalde, egun horretan Bizkaibusek eta Euskotrenek garraio publikoko dispositibo berezi bat abiaraziko dute bertaratuko diren milaka lagunen joan-etorria bermatzeko. Jende pilaketak ekiditeko, 15 minuturik behin, Bilboko Matiko geltokitik, eta 30 minuturik behin, Eibartik, trenak egongo dira Abadiñoko Trañako geltokiraino. Eta behin Abadiñora helduta, ordu laurdenero autobusa izango dute Lekeitiora. Garraio publikoaren plan berezi hori 07:20etatik 22:39ra arte egongo da martxan.
Lekeitiotik Bilbora joateko ohiko zerbitzua ere aldatu egingo da, autobusak Matienara arte egongo dira eta gero bertan autobus-aldaketa egin beharko da.
Gernikatik egiten diren konexioetarako, berriz, Bizkaibusek indartu egingo du A3513 Bilbo-Galdakao Ospitalea-Gernika Lumo-Ea-Lekeitio lineak eta A3523 Galdakao Ospitalea -Gernika Lumo-Aulesti-Lekeitio lineak eskaintzen duten zerbitzua. 30 minuturik behingo maiztasuna izango dute linea biek.
Aurrez ikusita dago erabiltzaileek Barik txartela erabili ahal izatea. Horrez gainera, Bizkaiko Garraio Partzuergoak txartel berezi bat jarriko du Bizkaibusen, Ibilaldi izenekoa, Trañara bere kabuz joaten direnek aukera izan dezaten Lekeitioraino doazen zerbitzu bereziak erabiltzeko.