Adosteko kultura zabaltzeko apustuagaz aurkeztu da Herritarren Ahotsa
Maite Zabala da herri hautagaitzaren alkategaia. Siglen gainetik pertsonak direla helburu eta helbide aldarrikatu dute HAren hautagaiek.
Danon herria, danon udala lelopean aurkeztu du Herritarren Ahotsak bere hautagaitza. Aurreko udal hauteskundeetan modura, Maite Zabala da alkategaia oraingo honetan ere. Ispastertarren udal irekia eratzea da herri hautagaitza osatzen dutenen apustua, eta adosteko kultura zabaldu beharra aldarrikatu dute. “Gurea bezalako herri txiki batean, ez dago arrazoi handirik udaleko erabaki gehienetan ados ez jartzeko; siglen gainetik pertsonak direlako helburu eta helbide. Herritarren Ahotsatik konpromisoa hartzen dugu kultura berri horretarako bidean, desadostasunak adostasun bidera ekartzeko. Arazoen aurrean jesarri eta adosteko borondatearekin hitz egiteko. Eta adostasuna posible ez denean, orduan eman bidea zenbakie”.
Datozen lau urteetako agintaldia herritarrekin “eztabaida estrategiko” bat zabaltzeko baliatu nahi dute, eta horretarako etorkizuneko Ispaster zelakoa izatea nahi duten denen artean aztertzeko beharra azpimarratu dute.
Hainbat proposamen zehatz jaso dituzte herri programan. Hala, euskaraz bizi nahi dutela, Ispaster adin guztietarako herri adeitsua izatea nahi dutela eta garapen ekonomiko jasangarriaren alde egingo dutela adierazi dute.
Udal aktiboa aldarrikatu eta herri dinamiko baten aldeko apustua egin dute, “euskara ikasteko eta euskaraz bizitzeko parte hartzen duena”. Horretarako egitasmo zehatzak proposatu dituzte. Besteak beste, kultur etxea dinamizatzea eta euskara batzordea berreskuratzea, eskola eraikuntzaren egoera aztertzea eta irtenbidea ematea,
eta herritarrengan kezka sortzen duten gaien inguruan informazio kontrastatua eskaintzea eta galdeketa erabiltzearen aldeko apustua egitea da euren asmoa.
Halaber, eremu ezberdinetan, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna bermatuko duten neurri egokiak txertatzearen beharra ikusi dute, eta udal dokumentuetan idazketa ez sexista eta inklusiboa erabiltzea eta gaiari buruz sentsibilizazio jarduerak antolatzea aurreikusten dute.
Errausketa-labearen jardueragaz ere kezkatuta daude, eta beraz, jarduerari jarraipen zehatza egingo diotela esan dute: “Airearen kalitatea neurtu behar da Elexalden eta Kurtxian txandakatuz, 2020tik eta 2023ra (biak barne)”.
Gainera, garapen ekonomiko jasangarria lortzeko bidean, hainbat egitasmo aurkeztu dituzte. Baserrietan belaunaldietan arteko erreleboa bultzatzeko udala eragile aktiboa izan behar dela nabarmendu dute, laguntza teknikoa emanez, eta herriko eta inguruko ekoizleekin elkarlanean, 0KM kontsumoa indartzea beharrezkotzat dute: “Era berean, eskolako jantoki eredua aldatu eta elikadura osasuntsuago batera bidean, eragile aktiboa izan behar da udala, eta jantokian sukalde propioa izateko lan egin behar da”.
Basogintzari buruzko informazioa eta sentsibilizazioa zabaldu eta baso-batzorde baten bitartez, baso jabeei laguntza teknikoa eskaini behar zailea diote. “Udalerriko ondare natural publikoa handituz joan behar da, salgai dauden lursail batzuk erosiz. Ondare natural honen kudeaketa arautu behar da, eta Basokoetxeko poligonoa bultzatzeko batzordea bultzatzea, herritarrei zabaltzea eta hiru hilabetean behin biltzea proposatzen dugu”. Hala, pabiloiak zein lokalak eraiki eta ondoren saldu edo alokatu daitezkeela uste dute, “udalak promotore izaera hartuz”. Herriko komertzioak eta zerbitzuak bultzatzea eta herrian nahi duten turismo ereduari buruzko eztabaida herritarra egitea ere lehentasuna dela adierazi dute.
“Energia berriztagarrien instalazioak jarri behar dira leku publiko gehienetan eta soberan sortutako energia sarera saldu. Partikularrei laguntza teknikoa eman behar zaie energia berriztagarrien instalazioak martxan jartzeko”, azaldu dute.
Bestalde, Elexalden zein gainontzeko auzoetan ibilgailuen abiadura moteltzeko eta eskola ingurua oinezkoentzat uzteko pausuak eman behar direla zehaztu dute.
Denen herria eta denen udala izateko bidean, belaunaldien arteko harremanak sendotzeko ekintzak egitea ezinbestekotzat jotzen dute, eta ildo beretik, herritarren ideiak, kezkak zein beharrizanak jasotzeko udalak bidea erraztu behar duela argi daukate: “Adibidez, kezkak eta proposamenak udalera heltzeko buzoia jarri eta web orrian atal bat sortu ahal dela uste dugu”. Hala, udalak herritarrekin batera osatutako herri adeitsua proiektuari buruzko aipamena ere bildu dute euren herri programan: “Herriko nagusien ekarpenei esker osatu den Ekintza Plana aurrera eraman behar dugu. Besteak beste, auzoetatik herri-gunera, osasun zentrora, ekintza ezberdinetara, beharrizanetara … mugitzeko garraio sarea jarri behar da, eta inguruko herrietara mugitzeko lehendik dagoen garraio sarea hobetu”.
Kirol aukerak zabaltzeko beharra ere aztertu dute, eta rokodromo bat jarri eta futbol zelaia berreskuratu nahi dituzte.
HAUTAGAITZA:
- Maite Zabala
- Gorka Madarieta
- Josu Errasti
- Luis Angel Aboitiz
- Estibaliz Gogenola
- IƱaki Antiguedad
- Eider Plaza
- Jose Maria Rementeria
- Maialen Galletebeitia
- Izaskun Juaristi