Iriste erraztasunaren eguneroko maldak
Markina-Xemeingo alde zaharra ez dela irisgarria diote hainbat herritarrek oinezkoan gunea izan arren daukan espaloiagatik. Bertatik modu autonomoan eta seguruan ibili ahal izateko aukera eskatzen dute.
Eraikin publikoetara autonomia osoz iritzi edo herriguneko bideetan lasaitasun osoz ibiltzea trabaz betetako zeregina bihurtzen zaie herritar batzuei egunez egun. Espaloiak, oztopo egiten duten elementuak, argiztapen txarra, gehiegizko maldak, putzuak, apurtutako baldosak, eskailerak edo pasabideak dira, besteak beste, garaitu behar dituzten mugak.
Gurpildun aulki edota taka-takaz lagunduta mugitzen diren herritarrek, gainera, herri erdian daukate oztopo nagusia. Alde zaharra ez dela irisgarria diote, daukan espaloiagatik. Erditik joateko ez daukate arazorik, baina herriko merkataritza eta ostalaritza gehiengoa bertan kokatuta dago, eta sarbidea ezinezkoa dute. «Espaloia estua da, eta ezin da bere gainetik punta batetik bestera joan. Gainera, altzariak, kaxak edota beste elementu batzuk egoten dira erdian sarri». Espaloiagaz gain, denda gehienetara sartzeko beste eskailera bat igo behar da, sarbidea oraindik konplexuagoa eginez.
Horren guztiaren eraginez, ezin dutela bere kabuz errekadurik egin diote. Ogia, fruta edo beste zer edo zer erosteko, atetik eskatu edo beste pertsona baten laguntza behar dute. Gainera, ezin dute nahi duten establezimendura joan, mugatuta daude. Beste irtenbide edo aukera batzuen bila ibili behar dira beti. Arazo horren aurrean, dendari batzuek egin dute ahalegina bezeroei establezimendu barrurako sarrera ahalbidetzeko: malda batzuk eraiki dituzte euren kabuz.
Dendarik ez eta edozein bidetik joan ere ez. Zoruan aurkitzen dituzten oztopoen arabera, zein kaletik abiatu ere aukeratu behar dute. Hala, Osteko Kaletik joaten dira gehienak, alde zaharreko koskak saihesteko. Arkupera ere ezin dira sartu, Kontzekupera ere ez. Beraz, udaletxe zaharrean dagoen bake epaitegira ere ezin dira iritsi, «igogailurik ere ez dago eta».
Zoruan dauden oztopoen arabera aukeratu behar dute ze kaletik joan
Apurka hobekuntzak egin direla diote herritarrek: tirolinarako eta Zelairako sarbideak, kultur etxera eta frontoira joateko igogailua, zebrabideak… «Kultur etxera eta frontoira joateko igogailua egiten ari dira. Eskailerak egon dira orain arte, eta arazo handia izan da. Kultur etxera ezin joan eta frontoira atzeko aldetik sartu behar, aldapan zehar igota. Sartu eta irteteko arriskutsua da malda hori, eta ezin da bakarrik egin». Osasun etxean ate automatikoa jartzea ere ontzat eman dute; hala ere, eraikin aurrean aldapa handia dago, eta neketsua da atera heltzea.
Markina-Xemein izatez nahiko herri laua da, eta hori abantaila izan beharko litzatekeela uste dute herritarrek, arazoari erantzun bat emateko. «Bidea maila berean jartzea izango litzateke, Osteko Kalean edo Artibain egin duten modura».
Alderdien agendetan. Udalean dauden alderdi biek dute agendetan iriste erraztasunaren gaia, eta Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako prestatu dituzten programetan ere jaso dute. Arazo horri erantzun bat emateko prest agertzen dira.
Aurtengo udal aurrekontuetan, esaterako, sartu dute diru kopuru bat alde zaharraren azterketa zehatza egiteko. Iriste erraztasuna aztertzeagaz batera alde zaharrak dituen beste gabezia batzuei ere erantzun nahi die udalak. «Kale horiek iritsi errazak egiteko osorik apurtu behar dira, eta osorik apurtzerakoan dauden zerbitzuak berritu eta falta direnak ezarri behar dira. Ez dago gasik eta zuntzik eta ur eta saneamendu eta elektrizitate sarea berriztatu behar dira».
Espaloia edukitzeagaz gainera, kale horiek labainkorrak direla dio EH Bilduren udal gobernuak. «Ikusi egin behar da zelan konpondu alde zaharra, ondare izanik arau batzuk bete behar dira eta. Azterketa horregaz ikusiko da irisgarritasuna zelan bermatu, zeintzuk zerbitzu gehitu eta ze material erabili beharko den».
Azterketa horrek balorazio ekonomiko bat ere ekarriko du, eta horren arabera, epe labur, ertain eta luzean gauzatu ahal dituzten lanak zehaztuko dituzte. Azaldu dutenez, EH Bilduren asmoa orain konpontzen hasi diren Carlosen etxeagaz batera lehen zatiagaz hastea izango litzateke. «Zerbitzuak berriztatu egin behar dira etxe horri erantzuteko. Zerbitzu elektrikoa, esaterako, Ixaien denda paretik eraman behar da. Beraz, osorik zabaldu behar da kalea». Gainera, etxebizitza eraikinen atariak ere badaude, eta horiei ere irtenbide bat eman nahi diete. «Egiten denean osotasunean egin behar da, konponbidea %100ekoa izateko».
Epe ertain batera alde zahar osoa egin ahalko dela diote. Bien bitartean, baina, erantzun bat eman nahi diote iriste erraztasunari. «Denda gehienek dute maila bat, eta maila hori salbatzeko kendu eta ipintzeko arrapala batzuk zelan egin pentsatu dezake udalak, eta kostua bere gain hartu. «Begi bistakoa da bide luzea dagoela egiteko, baina hasi egin behar da eta hasi behar da zer egin zehazten. Badaude gauza batzuk egiten joan ahal direnak».
Horri lotuta, irisgarritasuna eta hirigintza genero ikuspegitik gaia landu dute udal ordezkari guztiek. «Zahar, ume, gazte, itsu… denontzako herri bat zelan egiten den aztertu dugu, arazo barik mugitu ahal zaren herri bat». Zinegotzi guztiez gain, herritarrek ere parte hartzeko aukera eduki dute. Kulturgunean egon ziren hitzaldi bi herritarrei zabalik, eta bietan egon zen Luis Egurrola EAJren alkategaia.
Zorrotenak. Markina-Xemeinek laua izatearen abantaila daukala dio Egurrolak, baina, bere ustez, gauza asko falta dira oraindik egiteko. «Ama eduki dut 12 urtez gurpildun aulkian. Amagaz herrian zehar paseatzen ibilita, badakit ze arazo dagoen. Nik indarra badaukat, eta ama maneiatu ahal nuen kale batetik bestera igarotzeko, baina ni nintzen bakarra, nire aitak ezin zuen».
Horrez gain, Izarbidean elkarteko asko gurpildun aulkian daudela dio elkarteko lehendakari denak: «Beti dute ondoan bateren bat laguntzeko». Herritar batzuekin ere batu da Egurrola. Arazoak dituzten lekuak zehaztu dizkiote, eta aukerak aztertzen ibili dira. «Bakarrik ibiltzeko gai diren pertsonak ez daukate zertan beti lagunduta joan behar, eskubide osoa dute euren kabuz mugitu ahal izateko».
Udal ordezkari guztiak bat datoz alde zaharra iriste errazagoa egiteagaz
Koadernoan idatzita ditu herritarrek arazoak non ikusten dituzten, eta dioenez, gauza batzuk nahikoa errazak dira egiteko. «Alde zaharra ezin omen da horren erraz altxarazi, baina zorrotenak egin ahal dira hasteko».
Merkataritza elkartekoekin ere hitz egin dute, eta arrapalak jartzeko udalak laguntza eman behar lukeela iritzi diote. «Irisgarritasuna lortu behar dugula gure herrian argi dago. Espaloiek ez dute zentzunik gaur egun, eta zelan kendu aztertu beharko litzateke. Behintzat zorrotenekin momentuko arazoa konpondu ahalko litzateke».
Herriko Plan Orokorra ere garatu barik dagoela dio Egurrolak, «eta horrek baldintzatzen du de-
na». Beraz, plan orokorra egitea lehentasunezkoa da beretzat. «Plan horregaz zehaztu dezakegu zelako herria nahi dugun, eta horretarako zer egin. Hori izango da egin beharrekoa datozen urteetan, eta ahal denik eta arinen. Horretarako, herritarren parte hartzea behar da. Zirriborroak baditugu, baina xehetasunetan sartu, herritarrekin batu, eta ekinean hasi behar gara».
Jende nagusi askok eskertuko dituela zorrotenak uste du Egurrolak, gurpildun aulkian zein taka-taka eta ume kotxeekin doazenek ere bai.