Ekai Lersundiren omenezko plaka ipini dute Santurtzin
Santurtziarrek Lersundiren omenez plaka bat ipini izana "hunkigarria" dela esan du Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak. "Bihotzez eskertu" nahi izan zituen Lersundiren omenez egiten diren ekimen guztiak.
Santurtziko Udalak eta Santurtzadar elkarteak Ekai Lersundiren omenezko plaka bat jarri zuten barikuan [maiatzak 17], homofobia eta transfobiaren kontrako nazioarteko egunean. Plaka bistaratzeko ekitaldian parte hartu zuten Elaxar Lersundi eta Ana Martinez Ekai Lersundiren gurasoek, Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak, Eneritz Basurko alkateordeak eta Aintzane Urkijo Santurtziko alkateak.
Santurtziarrek Lersundiren omenez plaka bat ipini izana “hunkigarria” dela esan du Bedialaunetak, eta “bihotzez eskertu” nahi izan zituen Lersundiren omenez egiten diren ekimen guztiak.
Bide beretik, Ondarroan ere aniztasunaren alde geroz eta indar gehiago egiten dela adierazi eta bide horretan Hezkidetza egitasmoak egiten duen lana txalotu zuen. Aurten, gainera, LGTBI+ Harrotasunaren Egunean (ekainak 28) eta Stonwalleko martxaren 50. urteurrenaren harira, herriko ikasle guztiak unitate didaktiko berezia lantzen ari direla azpimarratu zuen. Egun berean, eta Ondarroako mugimendu feministak hala eskatuta, ekimen bateratuak egingo dira herri osoan.