Lanuzteak egingo dituzte udal kiroldegietako beharginek
16 hilabetez lan hitzarmena negoziatzen ari badira ere, ez dela aurrerapausorik eman salatu dute beharginek. Gaur hasi dira lanuzteekin.
Lan hitzarmenaren aldeko borroka hasi dute gaur [maiatzak 20] Bizkaiko udal kiroldegietako langileek, eta aste honetan lanuzteak egingo dituztela iragarri dute. Zehazki, gaurko [maiatzak 20] eta biharko [maiatzak 21] lan etenak deitu dituzte 09:30etik 11:30era eta 18:00etatik 20:00etara, eta eguenean [maiatzak 23] egun osoko greba egitea aurreikusi dute. Markina-Xemeingo Atxondo kiroldegiko behargin guztiek eta Ondarroako Zaldupe kiroldegiko batzuk ere bat egingo dute mobilizazioekin.
Azaldu dutenez, Kirol Zerbitzuetako Langileek Bizkaiko Lokalen eta Kirol Zelaien hitzarmena daukate, eta 16 hilabetez negoziatzen ari badira ere, ez da aurrerapausorik eman. “Gure lanegun gehienak kontratu partzialak dira, kiroldegi bakoitzean egiten diren ikastaro eta jardueren arabera”. Horrela, bi ordu herri baten, beste bi beste batean egiten dituztela azaldu dute. Gainera, daukaten lanaldi osoko soldatak “txikiak” direla salatu dute, eta “aparteko ordainketagaz ordaintzen direla” gehiago emateko.
Ezagupenak hobetu asmoz ikastaroak egiteko denbora eta dirua langileen kontu direla ere gaineratu dute. “Etengabeko bilakaera duen sektorea da eta ikastaroak beharrezkoak izaten ditugu, are gehiago, batzuetan erabiltzen dugun arropa ere guk ordaindu behar izaten dugu”.
Egoera. Cebek patronala eta Kirol kudeaketa arloko enpresek negoziazio horretan erakusten duten jarrera salatu dute langileek, “bidegabekoa” iruditzen zaiela azpimarratuz. “Soldata eskasa ematen digute, ABE osagarria kendu nahi digute, medikuarengana joan ahal izateko lan orduak berreskuratu behar ditugu, enpresak gure lanaldia aldatu nahi badu nahikoa dauka esatea ikastaroa bertan behera gelditzen dela ez dagoelako erabiltzailerik, gure lanaldia 2000 urtetik hona berdina da, egun berean kiroldegi ezberdinetan lan egiten dugunean ez dizkigute ordaintzen bidaiarik eta abar”. Gipuzkoa eta Arabako hitzarmenekin alderatuz, gutxien kobratzen dutenak eta lan ordu gehiago sartzen dituztenak direla ere zehaztu dute.
Jakitera eman dutenez, udal kiroldegietako zerbitzu guztiak kanpoko kontratazioen bidez kudeatzen dira kiroldegi gehienetan: mantentze lanak, garbiketa, harrera, sarbidea bai eta udal kirol erakundeen antolakuntza eta kudeaketa prozesu nagusiak, hala nola, administrazioa eta jarduerak. “Udaletatik kanpoko enpresak dira, baina diru publikoagaz finantziatuta daude gure soldatak ordaintzeko”.
Hori dela eta, dituzten aldarrikapenak azaldu nahi izan dizkiete erabiltzaileei, eta langilegoaren “lan baldintza duinak exijitzeko” egunotan egingo dituzten mobilizazioak babestu eta ulertzea eskatu diete. Egoera konpondu ezik, mobilizazioekin jarraitzeko asmoa erakutsi dute beharginek.