Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak diru bilketa egingo du Mutrikun
Batzen den dirua bularreko minbiziaren immunoterapia ikerketa proiektu batera bideratuko dutela aurreratu dute elkarteko ordezkariek. Laguntza beharrezkoa dela gogorarazi dute.
Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteko boluntarioak beste behin ere kalera aterako dira diru bilketa egiteko. Mutrikun zapatuan [maiatzak 25] egingo dute diru bilketa. Ekintza solidarioa goizez egingo dute, 10:00etatik 14:00etara Goiko Plazan eta Beheko Plazan ipiniko dituzten mahaietan.
Elkarteko kideek diru bilketan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Batuko den dirua minbiziaren aurkako ikerketa proiektuetara bideratuko dutela aurreratu dute. “Bi mahaietan bildutako dirua bularreko minbiziaren immunoterapia ikerketa proiektua garatzeko bideratuko dugu”.
Elkarteko ordezkariek adierazi dutenez, Gipuzkoako lurralde osoan bularreko minbiziari buruzko proiektuetan inbertitzeko 160.000 euro lortu nahi dituzte. “Helburu hori jarri dugu, eta erronka horri ekiteko gogotsu gaude. Ikerketaren zati bat finantzatzen lagundu nahi duten guztiek zapatu honetan horreratarako aukera izango dute Mutrikun”. Nahi duenak laguntza ekonomikoa Internet bidez ere eman dezakeela gogorarazi dute. “www.retoaeccgipuzkoa.com web orrialdean ere egin daitezke ekarpenak”.
Zehazki, zelula gaiztoak suntsitzeko gaitasuna duten sistema immuneko zelulak sustatzen dituen terapian inbertitu nahi dute herriz herri lortuko den dirua. “Ignacio Melero doktorea buru duen Nafarroako Unibertsitateko Klinikako ikerketa 2015ean hasi zen, eta 2020an amaitzea aurreikusita dago. Gure helburua immunoterapiaren erabileraren ezagutzan sakontzea da, entsegu kliniko eraginkorrak eta fidagarriak ezartzeko. Entsegu horietan, hain zuzen, norbere sistema immuneraren aktibazioa tumorearen aurkako ohiko tratamenduen erabilerarekin konbinatzen da”.
Gaineratu dutenez, etorkizun hurbilean eta esperimentazio fasearen barruan, Onkologikoarekin lankidetzan aritzea aurrez ikusi du proiektuak. “Esperimentazio fase horren barruan Gipuzkoako paziente jakin batzuekin entsegu klinikoak egingo dituzte”.