Kamiñaldeko lanen amaiera iragartzeko auzo batzarra antolatu du Ondarroako Udalak
Auzo batzarra eguaztenean [maiatzak 22] egingo dute, 19:00etan, Kofradia Zaharrean. Udal ordezkariek San Ignazioko eta Kamiñaldeko bizilagunez gain, herritar guztiak gonbidatu dituzte bertaratzera. “Azken eguneko informazioak modu zuzenean partekatu nahi ditugu herritarrekin, hiru urte hauetan kaltetu nagusiak eurak izan direlako”.
Udal ordezkariek aurreratu dutenez, barikuan [maiatzak 24] zabalduko dute Kamiñalde atzeko bidea. “Bidea zabaltzen bada ere, gauza txiki batzuk falta dira amaitzeko. Horri guztiari eta beste hainbat konturi buruzko hainbat azalpen eman nahi dizkiegu auzotarrei zein herritarrei”. Azpimarratu dutenez, batzarrean herritarrei zuzenean eskerrak emateko aprobetxatuko dute. “Bidea hiru urtez egon da itxita, eta eduki duten pazientzia guztia eskertu nahi genieke”.