Alaitz Aranbarri gimnastikalariak Euskadiko Txapelketa irabazi du
Markina-xemeindarra bakarka eta taldeka izan da txapelduna. Erakustaldi batzuk eskaini eta gero, ekainaren 28tik 30era Espainiako txapelketan lehiatuko da Aranbarri, Zaragozan.
Alaitz Aranbarri gimnastikalari markina-xemeindarrak joan den asteburuan irabazi zuen Euskadiko Txapelketa, Gasteizko Abetxukon. Federatu gorenen mailan, Aranbarrik bakarka eta taldeka irabazi du txapelketa.
Bakarkako saioan uztaiagaz aritu zen markina-xemeindarra. «Taldekako saioetan bi edo hiru gimnastikalarik osatutako taldeak aritzen dira, eta kirolari bakoitzaren puntuazioak batzen dituzte». Taldekakoan, Aranbarrik Eskoriatzako (Gipuzkoa) Nahia Argizekin osatu zuen taldea. «Aranbarrik taldekako saioa ere uztaiagaz egin zuen, eta lehen postuan geratu zen. Argiz, ostera, xingolagaz lehen postuan geratu zen, eta mazekin laugarren. Biek lortutako puntuazioaren gehiketa izan zen altuena».
Gimnastikalari markina-xemeindarrak eta eskoriatzarrak erakustaldiak eskainiko dituzte datozen asteetan. Zehaztu dutenez, Eibarren, Mallabin eta Markina-Xemeinen (ekainak 9, Uni frontoian) eskainiko dituzte erakustaldiak. «Herritar guztiak zaudete Uni frontoian eskainiko duten erakustaldira gonbidatuta».
Erakustaldiekin amaitu eta gero, Aranbarrik eta Argizek ekainaren 28tik 30era Espainiako Txapelketa lehiatuko dute, Zaragozan. Txapelketa horretan ere bakarka eta taldeka ariko dira. «Espainiako Txapelketan, gainera, Enara Bilbao eta Lur Aranburu gimnastikalari ondarrutarrek ere parte hartuko dute».