Etxebarria biziberritzeko lan egingo du EH Bilduk
EH Bilduren asmoa, "denekin batera, herritarrak gustura egoteko herri baten alde behar egitea" dela azaldu dute.
Frontoia aterpe hartuta egin zuen hautagaien eta herri programaren aurkezpena Etxebarriko EH Bilduk. Ekitaldia bertsoagaz zabaldu eta Iratxe Arriola Busturia-Uribe barrutiko zerrendaburuari eman zioten hitza lehendabizi. EH Bilduk eskualderako eta Bizkairako duen proiektua aurkeztu zuen: Kilometro 0-ko proiektua, bertatik eta bertarakoa eta bertako jendearekin egina.
“Kilometro 0, denean: elikaduran, aisialdian, kulturan, enpleguan… Etxebarritik hasi eta Lekeitiora, Ondarrutik eta Munitibarrera eskualdea josi, indartu, kohesionatu. Eta posible izatea eskualde horren barruan eguneroko eginbehar guztiak egitea: bizi, ikasi, erosi…”.
EH Bilduk bai pertsonak eta bai ingurumena jardun politikoaren zentroan jartzen dituela esan zuen. “Horiekin eta horrentzako egiten dugu lan”.
Taldea. Etxebarriko EH Bilduk beharrerako gogoagaz dagoen taldea osatu duela azaldu zuten. “Gogotsu, motibatuta eta herria biziberritzeko prest dagoen taldea. Herrigintzan ibilitako pertsonez osatutako taldea”.
Eskola berriaren eraikuntza, herriko zerbitzu eskaintza handitzea, parekidetasun batzordea sortzea, herriko gazteekin aisialdi proiektua sortzea, udal eraikin hutsei irtenbidea ematea, herriko jasangarritasuna bultzatu eta beste horrenbeste ideia dituztela jakitera eman zuten Jokin Altzibar Etxebarriko EH Bilduren alkategaiak eta Iraide Baskaran zerrendakideak. “Programaren gainetik argi eta garbi nahi dugu laga gaur hemen egotearen arrazoia zuok zaretela. Taldeak egiten gaitu gu eta guretako bakoitza da beharrezkoa talde handi honetan”.
Herritar bakoitzak daukala zeresana, zeregina eta ekarpena egiteko aukera gaineratu zuen Baskaranek. “Orain arte ere gauza asko egin izan ditugu denen artean eta hemendik aurrera ere horrela jarraitzea da gure asmoa. Bakoitzak ahal duena emanez pixkanaka-pixkanaka, denon artean joango gara bidea egiten”.
Herria biziberritzea dutela helburu nabarmendu zuten. “Pausoz pauso Etxebarri berri bat egiten joango gara”. Horretarako beharra egitea tokatuko zaiela esan zuen Altzibarrek, baina taldearen indarragaz aurrera egiteko prest agertu ziren. Horretarako “talde anitza, gogotsua eta indartsua” batu dutela esan zuten, eta Etxebarriko EH Bilduren asmoa, “denekin batera, herritarrak gustura egoteko herri baten alde” behar egitea zela azaldu zuten. “Ez dugu ulertzen zergatik joan behar dugun alboko herrietara oinarrizko zerbitzuak jasotzeko. Inora joan beharrik eduki barik zerbitzu eta baliabide ezberdinak eskainiko dituen herriaren alde pausoak ematea nahi genuke”.
Etxebarriko EH Bildutik adin, jatorri zein kultura ezberdinetako pertsonetan oinarritutako proiektu bat eraiki nahi dutela azaldu zuten. “Herriak ematen dio zentzua herriari eta hori dela eta nahi genuke udala herriari zabaldu. Eraikin huts eta urrun moduan ikusten dugun hori herritarrengana hurreratu eta danon artean pixkanaka pausoak ematen joan”. Herrigintza indartzea ere garrantzitsua dela esan zuten. “Herrigintza da herriaren motorra, eta herriko talde zein eragile ezberdinekin behar egitea oso garrantzitsua dela iruditzen zaigu”.
Prest daudela azpimarratu zuten, borrokan eta lanean jarraitzeko herrigintzan, borrokan eta lanean jarraitzeko herri bizi bat sortzen, eta borrokan eta lanean jarraitzeko Etxebarria biziberritzen. “Hau da gure helburua eta hurrengo lau urteetan lortuko duguna”.